2010/08/30

Aurreko izenburuaren inguruan... zer espero daitekeen herrialde honetaz

Baliteke oso emozionatuta egotea neska ezezagun horrek eskaini zigun laguntza guztiagatik, baina pare bat gauza esatea gustatuko litzaidake:

- Hurrengo egunean nire lagun japoniar Naokirekin etxera nindoanean, gazte bat hurbildu zitzaigun eta berari begirazun txarrak botatzen eta guri jarraika jardun zitzaigun ordu laurdenez (gure etxera iritsi arte). Gainera, ikusi behar zenuten Naoki besteari eskua eman nahian eta nice to meet you esateko zorian... ZAPLAZTEKO BAT JASO ZEZAKENEAN!
Oso tipo ona da Naoki hau baina gixajoa,... pentsa, nik atera banuen egoera horretatik...


- Zer espero duzue amerikar festa batetaz?

Txalet erraldoia, 100 bat pertsona, nesken eta mutilen arteko proportzio parekatua, barre algarak nonnahi, oso tratu ona ikasle internazionalei,...

Ba ostiralean joan ginen festa guztiz kontrakoa izan zen: sausage party delako bat (behar du itzulpenik?), garaje txiki batean, mutil harroputz guztiak beerpongean jolasten, jendeak ez zigun kasu handirik egiten,... 12tan iritsi eta 2tarako downtownean (taberna ingurua Boisen) geunden. Eta gainera, 3tan polizia agertu omen zen garajean horrek dakarrenarekin! LOL


- Zer espero duzue amerikar antzerkiaz?

Monologoak eta komedia egiten bikainak dira, baina Shakespeareren 'Othello' sufritu behar izan nuen 3 orduz, ulertzen ez nuen hizkera batean eta kriston hotzarekin. Hori bai, palko moduko batean egon ginen ikusten eta andre batek inoiz ikusi dudan etxe handienera gonbidatu gintuen (jacuzzia, igerilekua, bi etxe, barbakoa erraldoia,...), aktoreekin hitz egiten egon ginen eta ohitura den bezala, Arnaud eta biok gure erresidentziako lagunei deitu genien gorroneatzeko!


- Zer espero duzue mexikar (eta oro har, latinoamerikako) neskez?

Ez espero ezer ere, zer ez duzue ezer lortuko... Hau da honi buruz esan behar dudan guztia, eta dagoeneko dexente ezagutzen ditugu e?

(ez dut estereotipatu nahi, mutil samindu batzuen iritzia besterik ez da...) : D



Bestela, eguraldi zoroa izaten ari gara hemen, asteazkeneko 38 gradutik (105 gradu Fahrenheit) atzoko 15era eta eurira (urtean 2o bat aldiz egiten du euria hemen).

Halaber, aste honetan klasean hasi gara eta zer esan honi buruz: ez naiz EHUn bezainbeste aspertzen (kritika gogorra e?), baina ikusita nire kontzentratzeko gaitasuna eta beste hizkuntza batean direla klaseak burua askotan joaten zait.


Uste dut gaurkoz nahikoa dela! Nekatuta nago festatik itzultzean hiru urteren ostean lehenengo mailan jolasten zuen Errealaren lehenengo partidua ikusi dudalako... kar kar

Aupa erreala, aupa zuek eta aupa Euskal Herriko neskak! : D

2010/08/24

God bless America!

Ez, ez naiz bi astetan txoratu!


Ez, Codyk amerikar ereserkia koadernoan idatzi didan arren (eta lehenego bi estrofak ikasi, baina bakarrik barre egiteko e?) ez naiz Amerikar nazionalitatea lortzen ari...


Kontua da atzo esperientzia arraro samarra izan genuela Arnaud, Shin, Jose eta laurok. Badakigu amerikarrak oso irekiak direla eta astakirtenak izan daitezkeen arren oso oso jende legala direla.

Hau da atzo gertatu zitzaiguna:

Kontua da gu laurok telefono txartel amerikar baten bila joan ginela futbol (ez soccer, desberdinak dira e?) zelaiaren inguruko denda eremura, gure bizilekutik 20 bat minutura oinez joaten bazara.

T-Mobilen sartu ginen eta Arnaud konbentzitu zuten arren beste hirurak ez geunden ados eskaintzarekin eta Cricket konpainiaren bila abiatu ginen. Esan zigutenez hantxe bertan zegoen denda bat, baina ez genuenez aurkitzen galdetzen hasi ginen eta hirugarren aukeran ezertaz ere ezagutzen genuen neska batek, Graciek, esan zuen eramango gintuela kotxez, nahiko urrun zegoela.
Nahiko urrun???? Garden City-n, Boise inguruko beste herrixka koskor bat, 45 bat minutu egon ginen larruzko eserlekuak zituen autoan Cricketera iritsi ginen arte. Behin hor, ni izan nintzen bakarra Cricketeko eskaintza onartu zuena (Shin eta Jose berriro joan behar dira T-Mobilera) eta Graciek bere etxera eraman gintuen, afaria eskainiko zigula: arroza curriarekin, oso goxoa. Guk ordainetan Budweiser garagardoa eskaini genion edozer eskaintzeko asmoa zuen neska honi.

Egoeraz pixkat arduratuta eta bere neska lagunei deitu behar zietelako Jose eta Shin joan egin ziren eta Arnaud, neska eta hirurok afaltzen, garagardoa edaten (bai, badakit, Euskal Herrian ez zitzaidan garagardoa gustatzen, baina...) eta berriketan egon ginen.

Bere eskuzabaltasuna ez zen hor bukatu, etxera eraman baikintuen!


Arnaud eta biok harrituta eta dirurik gastatu gabe bapo afaltzeak eta edateak ematen duen poztasunarekin itzuli ginen etxera. Arropa aldatu eta 10:30tan korrika saio bat egin genuen, horrelako pertsona gehiagorekin topo egiteko, agian.


Hala ere, zuek ere izugarriak zarete e? : D

Take care!

2010/08/22

Hi, my name is Beñat and...

Hi, my name is Benat and I am from the Basque Country!


Zenbat aldiz errepikatu behar izan dut esaldi berdina? Zenbat aldiz azaldu non dagoen Basque Country delako hori?

Kontua da iritsi direla ikasleak BSU-ra, Boisek hiri normal bat ematen duela (bero izugarriarekin, hori bai), iristen ari dela klasera joateko garaia eta iritsi zaigula harrera hitzaldi eta abarrekoetara joateko ordua.

Azken parrafoan aipatutako gauzak nahiko aspergarriak dira edo ez dute asko motibatzen, baina bai, ordea, gainontzeko ikasle internazionalekin egiten diren harrera ekintzak, batik bat jende pila bat ezagutzen duzulako. Hona hemen kanpotik etorritakoen profil azkar bat:


- Japoniarrak: pila bat dira eta zein baino zein umoretsuagoa; nire buruko txirikordarekin txundituta daude denak; denbora guztian argazkiak ateratzen ari dira (egia da, benetan) eta inoiz ikusi ditudan ping-pong jokalari txarrenak dira,... Oso legalak dira, hori bai.

- Nepaldarrak: ahhh!!! nork esperoko zituen nepaldarrak BSU-n!! Hamar bat daude eta elkarrekin joaten dira beti, nahiz eta gustatuko litzaigukeen beraien erlazionatzeko gaitasuna edukitzea.

- Kanadiarrak: amerikar frustratuak...

- Korearrak: zergatik aldatzen dituzte beraien izenak eta denak David eta James jarri?

- ...

Beste nazionalitate bitxi batzuk: Tadjikistan, Afghanistan, Iraq, Saudi Arabia, Ghana, Sri Lanka,...


Jende pila bat ezagutu dut eta oro har oso jende jatorra eta irekia da. Haiekin ekintza dexente egin ditut (barbakoak, rafting, jolasak, kontzertuak, erosketak egin gaueko 12etan,...) eta behintzat talde jator bat osatu dugu: Arnaud frantsesa, Jose andaluziarra (prototipo bat, bere polito, zapata, buleria, kate eta guzti), Shin japoniarra, Lazar serbiarra (ez dut inoiz hain tipo zororik ikusi... gure taldetxoko alma materra, ezbairik gabe) eta bostak.

Nire logelakide diren bi tipo ere ezagutu ditu, nahiz eta ez dudan uste erlazio handi samarrik izango dugunik hainbat arrazoirengatik: Samaqias nahiko isila da eta ez da askotan egongelan (bai ordea, logelan itxita, badaezpada ere) egoten, David korearrak (bere benetako izena Keun Yong da baina berez rapero beltz bat izan nahi duen susmoa dut) ez du garbigailua nirekin martxan jarri nahi, 7 dolar balio duen kable zahar bat 10 dolarretan saldu nahi dit, etxe guztia zikintzen du eta ez du inoiz garbitzen, eta biek halako biek ez dute nik ordaindutako zartagiak, platerak eta abarrak ordaindu nahi ez dutelako sukaldatuko urtean zehar... eta logelara iristen naizenean sukaldatzen ikusten ditut!!!!!!




Gaur hasiko dira klaseak eta ea zer moduz doan dena, azken egun hauek gogor samarrak izan baitira eta ez dakit lehenengo batxea pasatu ote dudan...

Egia esan, gogorra da erosketak egitea aste osorako eta pentsatzea dirua badoala, zure logelakideak arazoak ekar diezaizkizutela (denbora guztian bioloncelloa jotzen bata eta bestea korear marrazki bizidunak bolumen betean ikusten), baina zer da hau? jaja), ordenagailurik ez eduki eta zureekin hitz egin ahal ez izatea, lau hitz ondo jarraian esateko gai ez izatea,... :D


Hala ere, ez kezkatu, japoniarrek edo irribarreren bat aterako didatela, beraien hitz egiteko moduagatik bada ere!




Ondo ibili between France eta Spain-en dagoen alde horretan, our own language daukagun horretan, most of us want to be independent pentsatzen dugun horretan,...


Besarkada bat!

2010/08/20

Etxean bakarrik IV

Zer gogorararazten dizue atal honetako izenburuak? Macaulay Culkinen trilogia, bai! Eta beste zerbait pentsatu duzuenak ba sentitzen dut baina uste dut argi zegoela... : D

Horrela sentitu naiz azken egun hauetan, izan ere, Codyren etxea utzi behar izan nuen erresidentziara mugitzeko eta nahiz eta tokia nahiko ondo dagoen (eraikin polita, campusaren ondo ondoan,...) ez zegoen inor ere (inor ere esaten dudanean ni eta ezkutaketetan aritzen diren beste ikasle batzuei buruz ari naiz, zer sentitu sentitzen nituen baina ikusi...).

Cody eta biak aurreneko aldiz sartu ginenean gelara ez genuen oso aurpegi ona jarri, jendea ez egoteaz gain, maindirak, zartagiak,... ezer ere ez baitzegoen. Beraz, hartu kotxea eta dirutza bat gastatu (geroago jakingo nuen ikasleentzat denda merkeago bat zegoela) etxea bizigarri bilakatzen.

Behin hori eginda, paseoak eman Boisen zehar (hiri polita, baina hiru ordutan aise ikus liteke), Cody gonbidatu afaltzera nire espezialitatea jateko (ensalada atunarekin -kriston nobedadea amerikarrentzat azken konbinaketa hau- eta saltxitxak), Gernika jatetxe sasi euskaldunera joan, Euskal Auzora joan jendearekin hitzegitera (baina dena itxita), pilotan jolastu hango frontoian,...

Hori bai, benetan merezi izan zuen plana Epi's-era joatea izan zen. Codyren amonak (a zer sasoia berea) gonbidatuta Meridian herriko euskal jatetxe honetara joan ginen eta egia esan a zer barreak bota genituen Codyren eta Itxasoren familiarekin. Janaria ezinhobea zen (txipiroiak, arkume txuletak, euskal tarta...) eta nolabait energia ematen zigun Itxasoren izebaren eta Codyren senitartekoen arteko itzulpengintza lan nekatsuak burutzeko,...

Gainera, afaria bukatzeko oporretan zegoen Ondarruko bikote batekin egin nuen topo (ez zarete irakurtzen egongo, baina goraintziak Oihane eta Nerea beraien partez) eta jatetxeko jabearekin hitz egin ahal izan genuen, nahiz eta ez zegoen bere hoberenean 90 bat urte izango zituen andrea.


Erresidentziara itzultzean sorpresa bat izan nuen logelakide moduan,... baina ez aurreratu! Hori hurrengo atalean: Orientation Days!

Sentitzen dut sarrera hau hain aspergarria izatea, baina nire Boiseko bizitzako garai gogor bat izan da,... :D


Besarkada bat denontzat!

2010/08/16

Mountain Home, Euskal Herria

Ieuup!!

Hainbeste lagunek esan ondoren blogeko sarrera gehiago nahi zituztela (tira, Agirrek bakarrik, eskerrik asko benetan Jon!) nire hirugarren pasartea ezagutuaraziko dizuet!

Gogoratzen zarete nola esan nuen Amuma Says Nok joko zuela Boise inguruan? Ba berez Mountain Home, Idahon urtero egiten den pic-nic baten barruan sartutako ekitaldia zen. Mountain Homeko Euskal lagunek antolatutako pic-nica Bengoechea Hotelaren ondoan egiten da eta aurtengoa 50. urteurrena zen, egun berezia, beraz.

3. belaunaldiko euskal-amerikarrekin hitz egiteko parada izan nuen (gehienak Fruniz, Aulesti,... inguru horretakoak), Oinkariren eskutik euskal dantza erakustaldia ikusi genuen, musean jolasten saiatu nintzen baina inoiz ikusi dudan mus jokalari hoberenek ez zidaten utzi (zer uste dute ba agure horiek , ez dakidala jolasten? ez dudala nire tenperamentua kontrolatzen jolastean? ba arrazoia dute!), pilotan irakatsi nien umeei, txistorra jan genuen,...

Eta egunari bukaera emateko? Amuma Says no-ren kontzertua! Imagina dezazuen Joselu Anaiaken antzekoa da. Joselu munduko talderik hoberena da, baina talde horrek badu potentziala Araba guztia dantzan jartzeko!

Itxasori esker hiru bat euskal dantza ikasi nituen (non eta Ameriketan, basamortu erdian eta mendirik ez duen Mountain Home izeneko herri batean) eta abeslariak, Jill-ek, ongietorria eta guzti eman zidan denen aurrean!



Badakit blog honen propaganda eraginkorragatik ez duzula hau irakurriko, baina izugarrizko ilusioa egin zidan Jill!


Uste dut gaurkoz nahikoa dela! (argazkiak ordenagailu propioa eta dezentea dudanean jarriko ditut... : D )

Coming soon: Erresidentzian lehenengo egunak



Besarkadak eta muxuak nahi dituenarentzat!

Benhat! jajaja

2010/08/14

Idaho, famous potatoes

Hori da Idahoko matrikuletan jartzen duena.

Beraz, patateroa izatetik ameriketako patata famatuenak egiten diren tokira joan naiz? Ba bai!

Euskaldunak dauden tokira? Ba bai!

Festa handirik ez dagoen tokira? Ba bai!


A zer txolloa e? A zer urtea pasatuko dudana e? Azken galdera honen inguruan esan behar dut gutxienez Boisen egun hauetan Matisyahuk, Bob Dylanek eta Lady Gagak (yes, sir, unbelievable). Baita Amuma says no euskal jatorriko taldeak ere!

Egia esan pasada bat da dagoen euskal mugimendua, ez da euskaraz asko entzuten (haiek ere gu bezalaxe txepel hutsak direlako beste hizkuntzetara jotzean...)baina lehen hiru egun hauetan Itxaso, Igueraza andrea (ez dut oroitzen izena), Oihana eta Mara (ikastolako irakaslea eta zuzendaria, hurrenez hurren),... ezagutu ditut!

Hori bai, benetan ezagutu ditudanak Codyren lagunak dira. Hemen ohitura dago afaldu ondoren edo arratsaldean lagunen etxera joatea eta hor egon beranduegi izan arte, eta normalean Beaudreautarren etxea Boise inguruko populatuena izaten da.

Atzo, adibidez, barbakoa bat egin genuen eta 25 bat pertsona batu ginen, izan zahar, amona, izeba, ezagun, lagun, gazte, lagunaren ezagun,... :)

Haragi uholdearen aurretik alboka jo nuen eta gaua beerpong-ean jolasten eta kalimotxoa edaten bukatu genuen!

I am the beerpong master dude!!!!

Besterik gabe,... (zuek irakurtzen ez aspertzeko, batik bat)

Ondo segi!





2010/08/13

Aduana zeharkatuz...

Kaixo denori! tira, edo agian nire buruari bakarrik egin beharko diot agur, ditudan bisitari kopuruaren arabera,... :)

Ez noa Boise Idahora naramaten arrazoietan gehiegi sakontzera (ikasketak eta hobekuntza pertsonala, hain justu) baina kontua da Heziketa Fisikoko Magisteritza bukatzera noala euskal amerikarren lurraldera.

Bidaiaren aurreko hilabeteak ez ziren errazak izan, zenbat papeleo, zenbat erantzun gabeko e-mail, zenbat egun ezerezean ihes eginak, zenbat zalantza,... baina tira!

Erosi nuen hegaldirako txartela, lortu nuen etxea nire lagun Codyrenean (hitz egingo dizuet ziur berari buruz) ta Madridera abiatu ginen familia ta laurok!

Bidaia ez zen gaizki hasi (agurrak kenduta, jakina, ez pentsa kostatu ez zitzaidanik) Aritz Aranburu surflaria ikusi baikenuen, kriston hegazkin batean ( 7 eserleku, hiru ilara, telebista pertsonala, bideojokoak, pelikula pila bat,... amaziiiing!) egon bainintzen Washingtoneraino Chicagoko Heather cheerleaderrarekin nire ingelera praktikatzen. Neska jatorra Heather hau, bai horixe,...

Ta gero? Ba ederra izan zen Washingtoneko aireportuan gertatutakoa! Komunera joan nintzen ezin gehiago aguantatuz ta bi marine ikusi nituen aurrez aurre! Bufff, nik ez dut hemen egon nahi nioen nire buruari, baina tira, a zer puzker saioan hasi ziren biak... ta jende gehiago animatu zen!

Bestela? Jendea etxeko zapatilekin aireportuan, denda errepublikano-faszistoide bat,... eta horrelako gauzak ikusten joan nintzen konturatu gabe Boisera iritsi nintzen arte, jaiki eta 29 ordu ondoren.

Codyk jaso ninduen aireportuan eta bere etxera joan ginen, a zer etxea! Zuzenki batekin egindako herri horietako bat zen, etxea 2 pisutakoa, inoiz ikusi ez nituen asmakizunez betea, garagardo pila bat, 4 kotxe eta horietako bi 4X4 tipikoak,...

Matrimonio con hijosen platoa edo zerbaiten sartu ahal naiz?
EZ! Gurasoak, Kate eta Ken oso jatorrak dira, semeak bezalaxe, nahiz eta Codyri Los Tigres del Norte gustatzen zaion eta Dan ganberroak ez didan gehiegi kasurik egiten! jaja

Scattergoriesean ezagutzen ez nuen hizkuntza batean jolasten amaitu zen lehenengo eguna. Benetan! Amerikarra ulertezina da! Behintzat Idahokoa,...

Beraz, Idahotik besarkada handi bat eta laster arte!