2011/04/30

Tornadoa, badator!!!!

300 pertsona hil ostean AEB-tako Ekialdean, Mendebaldera omen dator. Hala ere, guk ez dugu ezer berezirik ikusi ez inguruan, ez albisteetan, ez inon ere ez. Dena den, beste tornado mota bat izango dugu Boise aldean: azkenengo bi asteak unibertsitatean. Bihar Dead Week delakoa hasten da, hildako astea, hain zuzen ere, jendeak ikasteko aprobetxatzen duena. Eta hurrengo ostea, bestalde, azterketena da.

Nahiko semestre lasaia izan da, baina nik ere azterketak eta aurkezpenak egin beharra ditut. Urrutira joan gabe, azterketa bat dut bihar, eta ostegunean jakin nuen eguna aldatu zidatela. Gainera, presondegi zaharrean izango da, ez dut nik oso bihozkada onik...

Horri gurasoekin emandako (eta klasera ez joandako) ia bi asteak gehitu behar dizkiogu, non gainontzekoak ikasteko, konfirmazioa egiteko (Lynen kasua) eta beraien lehenengo neska-laguna edukitzeko ondo merezi ostean (Naoki! Sinestezina, zeinen hazia itzuliko den Japoniara, merezi du).

Baina merezi zuen bidaiak, berehala kontatuko dizuet eta ikusiko duzue!

Bitartean, tornadoa noiz pasako zain...

2011/04/15

Nire bigarren oporraldia, familia eta lagun giroan

Nire klasekide guztiak lanez gainezka daudenean, buruak gainezka egingo dienean, ikasten hasiko direnean,... nik beste plan askoz hobe bat izango dut.

Ez nuen esperantza handirik norbaiten bisita jasotzeko, baina familia eta hiru lagun etorriko zaizkit Boisera! Egunak joan ahala gero eta gogotsuago nago eta irrikitan nago nire hemengo bizitza erakustko. Ah! Eta San Francisco bisitatzeko!

Ongietorria seiroi! Egun bat barru aeroportuan egongo naiz zuen zain!

Zein mundutan bizi gara?


Gaur, Boise State Universityko Business eraikuntzan mutil bat atxilotua izan da, denon bistan zeuden bi ordenagailu publikotan pelikula pornografikoak ikusteagatik. Okerrena da ordu eta erdi egon dela hor, lasai asko, poliziak atzeman duen arte.

Gertakizuna nire gaztelaniako ikasleek kontatu didate, zeintzuk zur eta lur zeuden.

Euskal Herria, aurki nago berriz ere bueltan! (eta mundu guztian zehar daude horrelako pertsonaiak, hortaz,...)

Gaixo bat naiz...


Bai, horrela sentitu naiz astearte eta ostegunean. Gaixorik egoteaz aparte, nire burua ere gaixorik dago.

Baina zer diozu, Beñat? Zer gertatzen da?


Bada, Amandaren 14 urteko ahizpa Devin Boisen da, Spring Break-a duela baliatuz bera bisitatzeko. Noski, Amandak klaseak ditu mundu guztiak bezala, eta norbaitekin egon behar da batzuetan... eta norbaitekin hori ni izan naiz birritan, jakina!

A zer sentsatzio txarra, bai kanpusetik berarekin ibiltzerakoan, bai erresidentzian ibiltzen gaudenean , bai jateko zerbait behar genuenean,...

Ezagunak aurpegi arraroarekin begiratzen didate, Devinen adinaz ohartu eta 'zer ari da gaixo hori ume horrekin?' galdetzen diote euren buruari, badakit! Gainera, nire lagunei esaten diedanean Amandaren ahizpa txikia dela eta bera zaintzen ari naizela honako hau esaten didate: 'Ah! Pentsatzen nuen azkenean neska-laguna zenuela...'

Baina zer ost*a!

Eskerrak larunbatean berriro Kaliforniara doan Devin, a zer buruhaustea!

2011/04/14

Agur Nancy!

Nancy Acii, gure afrikar harribitxia. Emakume maitagarria, inondik inora ere. Barregarria, indartsua, energiaz betea beti. Baina, muga batzuekin, muga horiek bere bihotzak jartzen ditu. Tranpa ikustezinak, edozein momentutan hankaz gora tupust egin eta lurrera erortzeko.

Seihilabeteko honetan 5 aldiz galdu du konortea eta birritan eduki du bihotzeko bat. Askotan, gu inguruan geunden eta zur eta lur gelditzen ginen. Zer egin jakin gabe...

Atzo jakin genuen dena utzi eta San Diegora doala bizitzera, ikasketak utzi momentu batez eta bihotzeko arazo horiek konpontzera. Gaur egingo diogu agurtzeko afari bat, tristea izango da, zinez, baina ea gutxienez bere hobekuntzaren hasiera den.

Agur Nancy eta laster arte!

Azkenean!

Gogoratzen zarete irakasle horretaz gaizki esaka hasi nintzenean?

Horren ondoren ikasle atzerritarren koordinatzailearekin hitz egin nuen, eta hark irakaslearekin hitz egin zuen. Egoera, hala ere, ez zen gehiegi aldatu: 6koak lortzen nituen froga guztietan, eta jakingo duzuenez, hemen 6tik aurrera gainditzen da.

Hala eta guztiz ere, pasa den asteartean 9 bat lortu nuen! A zer poza! A zer ilusioa! Nire ingelera bikaintasunetik gertu dago!

Gero konturatu nintzen lagun batek zuzendu zidala idazlana, ondoren ikasleentzako debalde dagoen Idazlan Zentruak, eta bukatzeko, nire ingelera hobetzeko dudan tutoreak, ordu betez. Horrela ez nau harritzen 9 bat ateratzeak!

Hori gutxi balitz, nire orrian 7.5 + 1.5 jartzen zuen. Zer da 1.5 hori? Atzerritarra izateagatik ematen didana? Aurpegi polita edukitzeagatik?

Zer egingo diogu ba, berriro triste eta abaildurik...

2011/04/11

Nostalgia bolada, eta zure jendea txoko honetan ezagutzeak dakarrenaren inguruan

Lagun handi batek, bera bezalakoak nire esku bakarreko hatz gutxirekin zenbatu ditzakedan horietako batek, kanta hau erakutsi zidan pasa den ostiralean. Geroztik hamaika aldiz entzun dut, behin eta berriro. Bai, Betagarri. Gasteiztarrak. 25408 aldiz ikusi ditugu kontzertuan. Kanta guztiak buruz dakizkigu. Abeslaria zurrutean eta neskatan ikusten dugu. Baietz, dedio!

Entzun kanta behingoz, eta esan zer sentitzen duzuen ondoren.


Nire lehenengo esperientzia izanik etxetik kanpo (eta hain urrun), etxean egoteko gogoa ez dut besterik sentitzen. Udara 'tuntun' horiek berriro pasatzeko gogoa, igerilekura joan Tourra ikusi ondoren eta bi minutura etxera itzuli euria gogoz hasi duelako,... Parrandaren bat noizean behin, Gasteizko jaiak, herrian patxara ederrean emandako egunak,... Hori guztia dut buruan, oraintxe bertan.

Eta ez da hemen gustura ez nagoelako, inolaz ere ez. Boisen egotea nire bizitzako esperientzia hoberenetarikoa izan da (hoberena ez bada, memoria oso selektiboa dut nik, zoritxarrez) eta gustura emango nuke bizitza osoa hemen hain 'pikutan' egon izan ez balitz, baina badakizue, etxea beti etxe, eta Euskal Herria, beti izango da nire lehen etxea.

Baina tira, hortxe nenbilen nire hotzeriari aurre eginez atzo gauean, Xabier Irujok asteburu honetan zehar hitzaldi bat ematen zuela konturatu nintzen arte unibertsitatean. Besteak beste, Manuel Irujoren biloba da Nevadako unibertsitatean Euskal Ikasketen buru den buru jakintsu hau, eta euskal politikaren inguruan mintzatu da bi egunez.

Atzo goiz antzean oheratu ondoren, gaur goizean (igandea) joan naiz auskalo zergatik bereziki, muturra sartzera edo belarriak irekitzera,... baina ziur nire jakinmina asetzera eta bera ezagutzera joan naizela. Klasea interesgarria izan da oso, eta berak esan didanez, askoz objektiboago ikusten da gure gatazka kanpoan zaudenean, eta arrazoi osoa du. Ez dakit, ordea, portatilarekin zegoen futbol amerikarreko jokalariak deus ere ikasi duen hain gai interesgarria izanda muturren aurrean. Ez naiz ni beraien handikeria eta elitismoa babesten hasiko.

Bukaeran, gainera, sorpresatxo bat izan dut, euskaldun gehiago etorri baitira gelara: Izaro, Iban, Iker eta Imanol, azken hau kazetari famatua (Loiolako egiak liburuaren idazlea). Gainera, berak hitzaldi txiki bat eman du ETAren su-etenaren inguruan, ingeleraz. Balentria hori egia dela munduari erakusteko, argazkiak ateratzen aritu dira besteak. Euskaldunen ingelera bikaina, badakizue!

Presaka zebiltzan Renora itzultzeko, bestela, egun osoa emango nukeen beraiekin gusto askora hiria erakusten eta hitzekin jarduten. Herrikideak munduko beste zoko honetan ezagutzeko aukera ez da astebururo ikusten, eta koadrila jatorra osatzen zutela konturatzeko ez dut denbora gehiegi behar izan.

Ea hurrengo batean ikusten dugun elkar, Euskal Herrian udara honetan bada ere.

2011/04/09

Beat Coach Pete!




Hemengo unibertsitateak oso garestiak direla gauza jakina da, baina ikasleen gehiengoak mota, gustu eta kolore askotako diru-laguntzak dituzte. Esaterako, Natashak diru mordo polita jasotzen du eskola batean 'bolondres' bezala laguntzen badu. Jerod-ek, berriz, Kaliforniakoa delako du diru-laguntza; Zanak, Lazarren neska lagunak, 7,5 eko media baina altuagoa izan behar du beka mantentzeko,...

Eta Boise Statek urtero ekimen interesgarri eta osasuntsu bat antolatzen du diru-laguntzak eman ahal izateko dirua lortzeko. Beat Coach Pete du izena (menperatu Pete entrenatzailea) eta izenak dioen bezala, gure amerikar futboleko entrenatzaile famatuak baina denbora hobea egin behar duzu lasterketa batean. Lortzen baduzu, 'I beat Pete' jartzen duen kamiseta bat ematen dizute, eta ez baduzu lortzen, 'I will beat Pete next year'. Parte hartzeko, baina, gutxienez 5 dolar ordaindu behar dira.



Nik, gaixorik nengoelako eta Ordiziako San Silbestre xarmangarrian nire anaiarekin eta lagun Balerdirekin batera inoiz ez joatearen penaz, Sakura japoniarrarekin joan naiz mantso-mantso eta berriketan, eta noski, 'Hurrengo hurtean Pete gaindituko dut' kamiseta jaso dut, baina ez dit axola, nahiz eta hemen ez egon datorren ikasturtean. Gainera, gure entrenatzaile goraipatuari eskua eman nion, Errealeko kamisetarekin!


Oso goiz dibertigarria izan da, jendez gainezka zegoen kanpusa, eta lasterketan parte hartu izanaz benetan poztu gara. Hori bai, ekimenaren intentzio ona ahaztu gabe, ez dut ulertzen zergatik igotzen zaion Chris Peterson entrenatzaileari soldata urtero, Idahoko instituto eta Lehenengo Hezkuntzako irakasle asko langabezian gelditzen ari diren bitartean on-line klaseen hastapenagatik.

Jerod-ek, skypean nire lagunak eta familia biluzik agurtzeagatik famatua, gisa honetan korrika egin zuen: erdi-biluzik eta oinutsik. A zer zoroa!

Nire oporraldia ipar-mendebaldean



Zeharo lanpetuta egon naiz egun hauetan, eta nire buruko eta lepoko minak eta hotzeriak ez du gehiegi lagundu blogean lehenago idazteko, baina bazen garaia behingoz berriro zuekin egoteko!

10 egun berezi izan ziren, Idahotik ateratzea gauza polita baita beti. Gainera, denera 300 euro xahutuko nituen, eta kontuan hartuta bi hiritan egon nintzela, pagotxa handi samarra da.

Portlandera lagun korear japoniar eta korear batzuekin joan nintzen eta ez ginen oso ondo hasi: japoniarrak Boisen gelditu behar izan ziren ez zegoelako beraientzako tokirik autobusean eta gure autobusa zikinkeria hutsa zen. Geroago jakin genuen autobusa 'kinkiek' eta atzerritarrek erabiltzen dutela gehienbat Estatu Batuetan, eta horrela da. Nirekin, halaber, Dallasetik Vancouverrera zihoan galestar bat eseri zen. 4 egun zeramatzan autobusean gixajoak. Jatorra zen, baina ez nion soberan ulertzen bere azentua dela eta, gehiegi amerikartu al naiz?

Portland hiri oso polita da, berdea eta jende irekiz betea. Txikiegia da, hala ere, eta azkenerako, (baita nire lagunen erosteko bolada inpultsiboagatik ere) Seattlera joateko gogoa nuen. Han BSUko ikasle gehiagorekin egongo ginen eta hiri handiagoa da.

Ederki pasa genuen han, nahiz eta egun santu osoan euri egiten jardun. Galdu ginen eta lehenengo Starbucks-a ez nuen ikusi, ezta Boeing-en museoa ere, baina hiriaren zertzeladatxo batzuekin nahikoa izan zen, Boisera itzuli beharra baikeneukan, azken txanpari ekiteko.


Seattlera joan ginen 'atzerritar' gehienak

Zer egiten dute mexikar batek, georgiar batek, arabiar batek, bi serbiarrek, amerikar batek eta euskaldun batek Space Needle-n? El
indio!

Hotza egiten zuen goian, baina Kanada eta Washingtongo estatua ez dira egunero ikusten hain gertu.



Aterpetxean futbolin maratoiak egiten genituen, eta azkenean, Euskaldun Bat Amerikanek eta Goran Ostojic-ek irabazi zuten!



Handia naizenean, Bainbridge irlan etxe bat eduki nahi dut Baztaneko nire bizitza idilikoaz deskonektatzeko. Greg-ek Japonian, hori da bere ametsa.

Azentuen magia

Askotan kexatzen gara azentuetaz eta zer zaila den norbere burua ulertarazteko, baina momentu dibertigarriak ere ekartzen dizkigu. Esaterako, Maltara joan zen Italiarraren istorioa dugu adibiderik garbiena!