2011/01/30

Kontu zahar batzuk

Igande arratsaldea Boisen. Bazkaldu ondorengo gorputzaldi nagiak ez dit lan egiten uzten. Hala ere, ez da hori nire kezka handiena. Egingo ditut gero, agian.

Nire pentsamenduak umezaroari lotu ditut orain, gurasoek kontatzen zizkidateen istorioei, hain zuzen ere.

Imanolen kanta hori ez dut inoiz ahaztuko (hitzak bai, berriro ikasi beharko ditut norbaiti kanta abestu nahi badiot behintzat), ezta Joxe Arratibelen Kontu Zarrak ipuin bildumetako Txerri Beltza edo Goñiko zalduna bezalako kontakizun horiek, zeintzuk esanahi bikoitz bat zuten asko eta oso lagungarriak izan baitira gure bizitza motz honetan zehar.


- Hi Beñat, sentimentala jarri al haiz bapatean?

Ez, ez. Zoritxarrez Joxe Arratibelek ezingo du liburu gehiago idatzi, ezta ipuin sortak osatu ere, atzo zendu baitzen. Idazten duen praile bat besterik ez da eta! Pentsatu genezake. Baita zera ere, euskal eragile garrantzitsu bat izateaz gain, nire haurtzaroko pertsona garrantzitsu bat da; familia osoa sinestunak izan gabe izeba-osaben auto berria eta guzti bedeinkatu zuena Estibalitzen, Kontu Zarrakek guretzat zuen esanahiagatik.


Eskerrik asko Joxe kontu zahar horiek berri egiteagatik.


P.d. aitak eman dit esteka hau. Bertan, kazetari eta euskaltzale handia den Miel Anjel Elustondok egiten dion omenaldia dago. Bera izan zen Boiserako bidaia asko erraztu zidana eta euskal etorkinei buruzko bideo batean kanta polit hau ezagutarazi zidana.

Joxerengatik eta lagun eta familiarengandik urrun bizitzeak sortzen duen nostalgiagatik (a zer egun pastela dudan...)

Toquerooooooo!!!!!

Askok eta askok badakizue jokalari honengatik sentitzen dudan mirespena: hain da baldarra, hain da mediatikoa, hain da borrokalaria,... Gaur bi gol sartu ditu Atletico Madrilen aurka eta behintzat asteburua alaitu dit.

Ez nekien ezta zer idatzi ere eta Gaizkak arrazoiren bat eman dit.Aste lasaia, lasaiegia gertatu zaizkidan gauza interesgarriak kontutan hartzen baditugu.

Lehenengo astea fundamentu gutxikoa izan ondoren, denbora berreskuratu behar nuen eta eskolako lanak egiten egon naiz buru-belarri, liburuak internetetik erosi ondoren etxera iritsi eta berehala.

Bestela, aspaldian ahaztua nuen saskibaloian berriro jolasten hasi naiz. Palako txapelketatik kanporatuak izan ginen 35-34 galdu ondoren, kriston norgehiagoka baten ostean. Izugarria baina ez nuen galtzea espero eta kirola egin beharko dut, jaten ditudan litxarreria guztiekin gorputz arraro bat gelditu baitzait. Ez! Telebistan ikusten diren amerikar lodi horietako bat bihurtuko naiz! Baina kriston azentoarekin! Eeeeezzz!

Break danceko klase batetara ere joan nintzen Naoki pisukidearekin. Pentsatzen nuen jendez beteta egongo zela, tatuajez beteriko beltzekin, you know. Egiari zor, hiru asiar (bata Naoki ispiluari begira pop-dance antzeko bat dantzatzen, zinez barregarria) zeuden eta mugimentu batzuk birpasatu ostean nire klasekide Esteban Argintxona euskal-amerikarrarekin hitz egiten jardun nintzen panorama bitxi hori ikusten genuen bitartean.

Horretaz gain, erresidentziako giroa ez da pasa den seihilabetekoa bezain ona. Berriei integratzea kostatzen ari zaie, zaharrak joan zirenen falta sumatzen dute eta gela guztietan daude arazoak (nirean urrutira joan gabe).

Hori bai, bizi naizen komunitatean egoteko klase aspergarri batetara joan behar gara derrigorrez (jendea piper egiten ari da erosketetara joateko Facebooken jakinarazten duten bitartean egiten ari direna) eta behintzat motibazio bat daukagu: Allison eta Lazarrek komunitateko arduradunak izan nahi dute hurrengo urtean (erresidentzia eta janaria dohain)eta beraiek dira klasean parte hartzen duten bakarrak. Kuriosoa da zeren eta losintxa egiten ari dira beti, irakaslearekin oso ondo konpontzen ez direnean.

Nork irabaziko ote du?


Eta asteburuan ba ezer gutxi. Eskolako lanak egin eta Goranen urtebetzea ospatzera joan ginen atzo taberna eta diskoteketara. Ah ez, adin txikikoa naizela eta etxean gelditu behar izan nintzela lagunak kanpoan zeuden bitartean...

Planazo e?

2011/01/25

Getting to know my friends 4: Jerod Shelton




Nire pisukide berria. Amerikar peto-petoa baina jatorri euskalduna, mexikarra, judutarra, irlandarra eta alemaniarra dituena (herrialde honetako islada, dudarik gabe).

Futbol amerikar jokalari ohia izaki (unibertsitate on batetarako beka lortua zeukan taldean jolasteko, baina buruko kolpe dexente hartu zituen eta susto handi batengatik utzi behar izan zuen), plakajeak emateko joera handi samarra dauka, batik bat nik egiten dudan bezala denbora guztian xaxatua bada.

Bestela, oso tipo jatorra dela esango nuke: kuriositate handikoa, irekia, txantxazalea, alaia,... Txarrena Lazarrek ez duela berdin pentsatzen (eta Jerodek ere ezer onik ez Lazarren inguruan), beraz, bien arteko harremana show hutsa da.

Esaterako, atzo Jerodek termostatoan nota bat jarri zuen esanez uzteko berogailua 30 graduetan jartzeari, berak 18an nahi zuela.

Kontua da biak beraiek nahi zuten tokian jartzen zutela tenperatura, eta horrela ezin da akordio batera iritsi.

Hala ere, egia aitortu behar diot Lazarri batzueta, Jerod oso tikismikisa eta berekoia izan baitaiteke.

Ea zer gertatzen den saltsa honekin!




Nik alboka jo nuen kontzertuan, berak maisuki kanta hau abestu zuen...


P.d. Zuekin skypeatzen dudanean, baliteke erdi-biluzik agertzea... nire amarekin gertatu zen bezala. Ez kezkatu, bere ohituretako bat da...

We love Boiseko Ikastola


Normalean Blog honetako irakurleak lehentasun osoa duzue Tuenti eta Facebook-eko nire lagunen eta 'lagunen' aurretik, izan bitez argazkiak, kontakizunak,... baina gauza batean ez nuen nire hitza bete: Hesianek Boiseko Ikastolaren omenez egindako kanta, alegia.

Oihanak (zoritxarrez bi asteetan Euskal Herrira bueltan doa) Hesianekoak ezagutzen zituen eta Ikastolako egoeraren berri eman ostean (geroago azalduko dudana) muxutruk kanta bat idatzi zuten.

Umeekin bi hilabetez estribilloa entsaiatzen egon ostean, bideoak eta soinu grabaketa bidali genizkien, urduri baino urduriago geundelarik. Hala ere, aste baterako kanta kalean zen (edo behintzat, beraien web orrialdean eta YouTube-n), eta antza denez, ez genuen oso ondo abestu eta nire kamerako kalitatea oso eskasa da.

Edonola ere, kanta izugarri gustatu zitzaidan eta benetan eskertzekoa da beraiek guregatik (Ikastolaren parte sentitzen naiz, dagoeneko) egin dutena.


Abuztutik Abendura egon nintzen Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola honetan praktiketan, eta esperientzia ezinhobea izan zen. Umeak oso adeitsuak eta azkarrak dira, Oihanarekin eta Mararekin nuen lan-giroa bikaina zen eta plazerra zen egun osoa han ematea.

Zoritxarrez, Ikastolaren egoeraz ohartzeko aukera duzu eta hau onegia ez denean tristura sartzen zaizu.

Boiseko Ikastola 1998an sortutako ikastetxea da, bultzatzaile nagusiak Nere Lete (Unibertsitateko euskarako irakaslea) eta Chris Bieter (alkatearen anaia) senar-emazteak izan zirelarik. Helburua Boise inguruko familia euskaldunen ume txikiei euskara ikasteko aukera bat ematea zen, eta jendeak gustura hartu zuen ideia.

Ikastola 40 bat ume izatera heldu zen (denak gure Haur Hezkuntzako adinekoak) eta etorkizun paregabea zuela ematen zuen. Baina duela urte batzuk umeak galtzen hasi ziren, horrekin batera dirua, eta dirurik gabe, jai.

Boiseko Ikastola Euskal Museoaren eskuetan dago eta antza denez, beste kezka batzuk dituzte, euskal gurasoek bezala, zeintzuk nahiago duten umeak euskal dantza klaseetara joan Ikastolan euskara ikastea baino (umeen dantza taldean Ikastolan dauden adina 3 ume daude, hortaz, pentsa).

Dena dela, Mara zuzendariaren lan eskergarekin, Patty Miller Euskal Museoko Zuzendariaren konpromisoarekin, Oihana bezalako irakasleek egindako lanarekin eta Hesianen kanta bezalako ekimenek izan dezaketen oihartzunarekin, ez dut zalantzarik aurrera aterako dela,... eta nik horren partaide izan nahi dut.

Lauhilabeteko honetan boluntario gisa joango naiz!

2011/01/20

Urte berriak gauza bereziak dakarzkigunean...


Zinez aste arraroa edukitzen ari naizena...


Ez dut nik nahi ditudan klase guztiak lortu eta hementxe ari naiz, nire azkenengo lauhilabeteko hau nola definitu jakin ezinda.

Klase bat nahi dut, baina liburuak 153 $ balio ditu; beste hitzaldi hura nahi dut, baina nire urtebetetzeko asteburuan da; beste klase hura nahi dut, baina ez didate uzten sartzen...

Gorputzaldi arraroa daukat eta nire gela (eta oro har, bizimodua) horren araberakoa da.


Eta nire sostengu izan behar ziren nire pisukideak ere huts egiten didate: Jerodek egunero 7etan esnatzen nau gimnasiora joateko (agujetekin egotea maite dudan guztiarekin, gainera), Naoki gaixorik dago eta ohean pasatzen du egun osoa, eta Lazarrek... Lazarrek neskalaguna du berriki urrun samar eta guztiz maiteminduta dabil...

Nor eta Lazar! Horrek nire urte honetarako jaiaren, zorakerien eta barre algaren amaiera esan nahi du !!!!

Lagun berriak egitera noa, beste batean jarraituko dut...

Ondo segi!

2011/01/17

Boisera buelta: ordularia, gorputza,... den-dena engainatuta dagoenekoa


Azkenean, eta alde batetik zoritxarrez, etxea, lagunak, familia, dena,... atzean utzi eta herrialde erraldoi batetako zoko galduenera abiatzera nindoan.

Gogotsu nindoan, hala ere, nire anaiaren partida bat ikusteko aukera izan bainuen estreinakoz, ordu erdiz (beroketa kontuan hartuta) izan bazen ere. Berarentzat funtsezkoa den urte bat galtzen ari naiz eta ikaragarrizko amorrua ematen dit, baina badakit bere anaiak baino gehiago balio duela eta aise aterako dela egoeratik!

Egun osoa egon naiteke berari buruz hitz egiten, baina pribazitatea ere gauza ederra da eta kronikarekin jarraituko dut.

Madrilera iritsi nintzen autobusez, lagun handi bat itxaroten nuelarik. Zerbait hartu nuen egoa nahiko baxu eta irribarre bat ateratzeko gaitasuna halatsu dituen (ironia... eta begiarekin keinu pare bat) sasi-ingeniari honekin, Inperio handia (handiena, askoren ustez) izan zenaren hiriburuko taberna tipiko eta zezen-zale, futbol zale, diktad... batean berriketan egon nintzen nahiko labur.
Gutxienez, Errealak Getaferi 0-4 nola irabazten ikusi genuen. Gaitzerdi!


Lehengusuen etxean goxo-goxo lo egin ondoren taxia hartu eta aireportura abiatu nintzen, taxi zerbitzuko telefonoko neskarekin eztabaidan egon ostean (igande goizetan lan egitearen xarma, suposatzen dut).

Oraingo honetan ez nuen ez cheer-leader ez ezer nire ondoan. Izan ere, bakarrik bainindoan (hegazkina hutsik zihoan) eta 9 ordutan lau pelikula ikusi nituen, zein baino zein txarragoak: Inception (bi ordu eta erdi Di Caprio ametsetazko eta errealitatezko mundu paraleloetan bizitzen), Step Up 3 (10 minutu aguantatu nituen), MACHETE (begi, aspaldi ikusi dudan pelikula txarrena, nire burua behartu nuen gidoiaz eta pelikulaz trufatzeko... baina denbora gutxiago duen batek DVDa apurtuko luke) eta Black Irish (pelikula dezente bat... drama bat, jakina!).

Eta horrela pasatu ziren 24 orduak Boisera ailegatu arte: musika, irakurri, lo egiten saiatu, umeen negar hotsak aguantatu,...

Boisen Mister Lazar Popovic nuen zain, ni etxean utzi eta berehala norbaiti bisita bat egitera zihoana. Gauzak ez dira aldatzen ez...

Etxera iritsi eta maleta hustu ondoren sartu nintzen ohean. Gaueko 2ak ziren. 48 ordu lehenago Gasteiztik ateratzear nengoen. Denbora gehiegi, eta azkenean nire gorputzak protesta egin zuen, jakina.

Pentsatzen nuen jet-lagik ez nuela, baina, baita zera ere! 6 ordu lo egin ondoren altxatu naiz, gosetuta eta zer egin ez dakidala. Ez dut janaririk, ez dago klaserik gaur (Martin Luther King eguna) eta porru patata egina nago...

Kriston ajea dudala ematen du, baina ez, kanpoan ikasteko ordaindu beharreko prezioa da (fisikoa, zeren eta ekonomikoa ondo ordaintzen baita).

Besarkada bat denontzat! Ondo segi,

Anonimoa

Urte berri on eta kaixo berriro ere denoi!



Urtarrilaren 16a... badakit, baina blog honetan esaten denak askotan zentzu askorik ez duen bezala, blog honen egutegiak, gutxiago!

URTE BERRI ON DENOI!

Espero dut Gabonak ondo bukatu izana eta pilak kargatu izana azterketa, edo lauhilabete berrirako, edo urte berrirako!

Barkamena eskatu eta eskerrik asko esan behar dut jarraian.

Barkatu leheneago idatzi ez izanagatik, baina arrazoia argia da, Euskal Herrian nengoen eta baneukan blogean idaztea baino gauza hobeagorik. Hortaz, barkatu zuekin egoteko astirik izan ez dudan horiei!

Eta eskerrik asko aitari eta Arantxari (ezizen bat da, seguru bera lotsatuta dagoela eta ez duela bere izena ikusi nahi hemen), nire inuzentadak bere efektua izan zuelako!

Biek halako biek esan zidaten Berria egunkariko web orrialdean zegoen estekak ez zuela funtzionatzen... baina zer egunetan zegoen idatzita sarrera hori??

Seguru bat baino gehiago konturatu dela orain, beraz, eskerrik asko internetek ematen dizun anonimatoan gelditu zaren irakurle fin horri!


Besarkada bat! Bueltan naiz!

(Boisen eta blogean, Gasteiz utzi berria baitaukat!)