2011/02/23

ADV

Gaur, eta ia urte beteren ondoren, dilistak eta esparrago krema jan ditut bazkaltzeko (gehi pasta, gehi gyros eta postrea). Uste dut jantokian inoiz izan dudan otordurik osasuntsuena izan dela...

2011/02/21

Zertarako aldatu gustura zaudenean, ez?



Gaur berria.info-n bideo interesgarri hau topatu dut, non Savater filosofo miresgarriak iritzi berezi hori ezagutarazten duen.

Noiztik izan da ETArena dibertigarria Savater jauna? Batzuentzat beraien ametsa egia bihurtzeko borroka bat zen, eta beste batzuentzat beraien bizi-kalitatea asko hobetzeko desagertuarazi beharreko sarraski bat.

Dena dela, ez dut uste bi aldeentzat (inorentzat, orokorrean) dibertigarria izan denik inondik inora ere ez, denek sufritu baitugulako, baina ezaugarri horretan pentsatu eta zera okurritu zait. Ez al zara gaztetu ETAk fama eta zure lotsagabekeri eta zentzugabekeri horiek bolo-bolo esateko aukera eman dizulako? Herri baten borrokak (eta ez armatua bakarrik) sos dexente eman dizkizulako urte hauetan guztietan zehar?

Bere piurako zenbaitek ere berdina pentsatuko dute, eta seguruenik penatan egongo dira pagotxa bukatuko zaielako. Horregatik nahi dute euskal gizartearen zati handi bat hauteskundeetan ez egotea, zahartzeko beldurrez direlako, aspertzeko, boterea galtzeko,... beldurra, azken finean. Gizartearen drogarik txarrena.

2011/02/17

Istoriotxo bat

lomarcalasociedad.blogspot.com blogean barre eder batzuk botatzeko aukera izaten dut, baina honetaz aparte, istoriotxoak eta alegiak nola kontatu ikasi dut. Hementxe doa nire lehen saiakera.

Bazen behin mutil bat, bizitzaz ikasteko eta esperientzia berriak bizitzeko denbora epe labur batez etxetik joan zena. Tokia berria zen, bizimodua ere horrelatsu, eta jendea zer esanik ez. Pertsona honek ez zuen beste motibaziorik ondo pasatzea eta lagun asko egitea baino, eta hori lortuko zuela konebntzituta zebilen.

Gutxinaka gutxinaka jendea ezagutzen hasi zen eta toki berrian integratzen hasi zen. Gainera, hango hainbat erakunde kulturaletan laguntzen hasi zen eta horrek pertsona gehiago ezagutzeko aukera eman zion.

Ezagutu zuenetariko lehenengo pertsona oso baliagarria egin zitzaion hasieran. Neska alaia zen eta erraza zen berarekin ondo pasatzea. Baina bapatean, dena okertu zen. Momentu batetatik aurrera bien harremana hoztu egin zen.

Mutila ez zen gehiegi kezkatu beste lagun batzuk zituelako, baina toki txikia zenez lagun asko zituzten komunean. Neska honek lagun hauei mutiko honen inguruko gauza faltsuak esan zituen, hala nola, ez zuela ondo lan egiten, protagonismoa kentzen ari zitzaiola,... Baina gogoratu dezagun, mutila joateko denbora gutxi gelditzen zen eta berak esperientzia ahaztezin bat izatea besterik ez zuen nahi.

Berak ez zuen neska gorrotatzen,inodik inora ere ez, baina oso kezkatuta zegoen toki txiki horretan berataz gaizkiesaka hasten zirelako maiz. Mutila egoera honi buelta ematen saiatzen ari zen, berak neskarekin ondo eraman nahi zuelako.

Hurrengo hilabeteetan...

- berarekin gelditu eta momentu ezeroso batzuen ostean gauzak konpondu ziren

- berarekin zerbait hartu eta dena berdin edo okerrera joan zen

- ez zen berarekin elkartu eta denak berdin jarraitu zuen herrixkatik joan zen arte


Aukeratu gehien gustatzen zaizuen bukaera lagunak...

Gezurren Erresuma

Lazarrek nire marka hautsi du, baina lasai, ez naiz ezta saiatu ere egingo apurtzen. Eta lasai, sarrera hau ez da bere balentriaren inguruko kontakizuna, nahiz eta lehiaketaren inguruan den.

Txirrindularitza asko gustatzen zaidan kirola da eta gozatzen dut Klasikoak eta Itzuli Handiak iristen direnean. Halaber, denek bezala sufritzen dut doping kasu berriak ateratzen direnean (Mikel Astarlozarena, urrutira joan gabe).

Ez naiz luze jardungo gai honen ingurua, baina hain gertutik jarraitzen zaituzten kirol batean zaila da hanka ez sartzea, bai kirolarientzat eta bai medikuentzat. Horregatik duda-mudatan egoten naiz kasu berri bat ateratzen denean.

Hori bai, ez dudana batere ulerterraza ikusten Espainiako kasua da. Zergatik? Hainbeste kasuren ondoren doping kasuak urtero agertzen dira eta harrapatutakoa nor den arabera zigor bat edo beste bat aplikatuko zaio... Hor egongo dira, gainera, Gobernukoak eta oposizikoak, apaizak eta auzapezak, epaileak eta abokatuak, ... sostengua ematen tipoa 'errugabea' bada (bide batez, ez da bakarrik kiroletan gertatzen, argi dago).

Horregatik, ezin da Contador txapeldun handia zigortu eta frantziar eta gainontzeko Europear zital guztiak Espainiaren aldeko trikimailu bat prestatzen ari dira.

Baliteke, baina Gezurren Erresuman denak Erregea bezalakoak bilakatzen hasi dira, gezurteroak, eta zaila da zintzoa nor den jakitea.



Bi txapeldun handi... orain gertuago egongo dira trikimailuak elkarri irakasteko

2011/02/14

St. Valentine's

Japonian neskak mutilari opari bat egin behar dio, Euskal Herrian bikotekidea duten zorioneko gutxi horiek opariak egiten dizkiote elkarri (edo afari lasai bat, edo ezer ere ez,...) eta Estatu Batuetan oso egun garrantzitsua da.

Mutilak neska gonbidatzen du afaltzera eta opariak egiten dizkiete elkarri. Bikotekidegabea bazara, hau izango da gustatzen zaizun neskari ateratzeko eskatzeko aukerarik hoberena eta 'Single Awareness day' ere deitzen zaio Otsailaren 14ari, hau da, bikotekidegabe izatearen kontziente izatearen eguna. Egia biribila bakarrik sentitzen zarenean, ez?

Horretaz gain, oso akats larria da ez baduzu zure bikotea kanpora 'ateratzen', eztabaida gogorrak egon baitaitezke eta bikoteak apurtu, erresidentzian ikusi ahal izan dugun bezala...

Gure erresidentziako gehienak (soltero gaudenak...) kanpoan afaltzera joango gara gaur gauean, txukun antzean.

Niretzat beste egun normal bat da gaurkoa, baina maitasun mota asko daudenez eta gauza asko maitatu ditzakegunez hemen kanta sorta bat (bukaeran maitasunezkoak, egun zopero honekin bat egiteko). Espero dut gustatzea! Beste kanta ezezagun gehiago proposatu nahi badituzue gustura jarriko ditut!

Zorionak egun hau ospatzeko arrazoiak soberan dituzuenoi, segi horrela! Eta besteei ere nire besarkada handiena, ez etsi,... Erreala bezala ez dakit AURTEN BAI izango garen, baina noizbait bai behintzat izango da gure eguna!







-------------------------------------------------------------------------------------------------------









2011/02/11

Errekorrak apurtzen

Ez naiz oso kirolari iaioa izan nire bizitzan zehar. Hori ez dago ukatu beharrik. Lortu dudan guztia hobetzen emandako ordu guztiengatik izan da, eta noizean behin, bai pilotan, bai saskibaloian nola edo hala nabarmentzeko parada izan dut.

Hala ere, bukatu da garai hori. Ez dut uste kirol garaipen gehiagorik lortuko dudan (atzo unibertsitateko saskibaloiko ligan 25gatik galdu nuen bi partiduetan eta oso gaizki jolastuz) eta beste nolabait irabazi behar dut errespetua eta autoestima.

Horretarako irtenbidea jantokian aurkitu dut, urrutira joan gabe. Buffet libre erraldoi horietako bat da, non platerkada guztiek nire sukaldeak baino grasa gehiago daukan. Oso maiz ez joaten saiatzen naiz, baina noizean behin gauza goxoak daude, adibidez, gyros platera.

Gyros kebab antzeko plater greziar bat da. Lazar eta bioi asko gustatzen zaigu eta lehiaketa bat egitea pentsatu genuen. Berak esaten du 4 dela bere topea, eta ikusita denbora neukala hurrengo klasearen aurretik errekorra apurtzea erabaki dut.

5 jan ditut! Sukaldaria aho-zabalik zegoen, izan ere, bera izan da esan didana Lazarrek 4 jan dituela eta galdetu dit ea gainditzeko gai ahal nintzen, hori baitzela momentuz jantokiko errekorra.

Oso jatorra da, baina uste dut gero eta platerkada handiagoak jartzen zizkidala errekorra galarazteko. Ordu eta erdi beranduago lortu dut nire balentria, jendearen harridurarentzako.
Sukaldaria denei nire lorpenaren berri ematen hasi da 'He is a true player' bezalako gauzak esanez.

Hemendik aurrera jantokian errespetuz begiratuko didate... beno, seguruenik ez dute ezer jakingo, baina zerbait egin behar da zure kirol talentua hondoratzen ari denean...

Introduction to Musical Studies

Gogorra egingo zait azkenengo seihilabeteko hau, zalantzarik ez izan. Ditudan klase batzuk ez dira soberan erakargarriak (Kinesiologiari sarrera, English School Writing eta Global Village Community) eta gustatzen zaizkidanak zailegiak dira (American National Government eta Ingurugiro Zientzietara Sarrera).

Azkenengo honetan galdu-galdua nenbilen klase osoan, azkenean argia ikusi nuen arte. Ez, ez nuen klaseko haria harrapatu. Homo Sapiensek beste nomenklatura batean duen izena zein zen ikusi eta harrituta eta poz-pozik barre egin nuen. Ikusi nuen izena Zea Mays zen, euskal musika taldearen izen berbera, hain zuzen ere.

Asko ez nuen ulertu, baina behintzat munduko ahots politenetariko bat duen taldearen izenaren jatorria ezagutu nuen. Gaitzerdi!

2011/02/08

Pala mundutik ezagutarazten



Atzo, astelehena izaki eta palako txapelketa gertu dugunez, nire bikotekidea izango den Josurekin palan jolastera joan nintzen.

Biak halako biak nahiko juxtu gabiltza forma aldetik (goizean gimnasiora joan nintzen eta mareatu egin nintzen, pentsa) eta ordu betean porru eginda geunden, etxera joateko oso prest, alegia.

Baina ezusteko polita gertatu zen: Euskal Etxeak harrera festa bat antolatu zuen eta AEBtako jende ugari etorri zen, hainbat lanbide eta ingurutakoak.

Derrigorrezko bisita eta janari dastaketaren ostean asko eta asko frontoira etorri ziren, Josu eta biak jolasten ari ginen bitartean. Hori gutxi balitz, tipo bat argazkiak ateratzen ari zen bere argazki kamera garestiarekin, normala Los Angeles Timeseko kazetaria izanik.

Hori jakinda motibatu egin ginen eta gainera, frontoian dagoen lokalean Amuma Says No entsaiatzen ari zen eta momentu horretan Van Halen-en Jump jotzen ari ziren trikitixarekin. A zer motibazioa genuena!

Txarrena jendea txandaka etortzen zela gu ikustera eta azkenerako ordu bete gehiago eman genuen jolasten eta jendeari irakasten.

Bisitako arduradunak gehiago gelditzeko esaten zigun, eta gu harrituta, entrenatzen ari baikinen, bera ez zen inor hori eskatzeko. Orduan konturatu ginen norbait kontratatu zutela jolasteko eta ez zirela agertu. Guri ordaintzeko esan genion, baina ez genuen lortu. Gaitzerdi!


Pala saio luzearen ondoren Leku Onara joan ginen eta ondo merezitako afaria jan genuen: inoiz jan ditudan indaba txuri hoberenak (barkatu familiako sukaldariak, baina horrela da) eta xerrak patatekin, Joxe Mari jabearekin hitz egiten genuen bitartean.


Ez dago gaizki, ez? Kalifornian famatuak izango gara eta Josuren aitak (oso jatorra eta barregarria) ordaindu zuen afaria). Gehiago eskatzerik ba al dago?

2011/02/07

Nire lehenengo Super Bowlaren ondorenekoak

Asteburua bikain hasi zen atzo Boisen: Oihanaren aldeko festa bikain joan zen, bi arrazoirengatik. Lehenengoa, benetan garrantzitsuak ziren lagunak hor zituelako Oihanak eta bigarrena, nik prestatutako azalorea gaztarekin amaitu zelako. Sinestezina, ezta?

Horretaz gain, Boiseko alkate Dave Bieter ezagutu nuen eta festaren ondoren rock kontzertu batetara joan ginen Josu Zubizarreta, Berriotxoa ahizpak, bere lagunak eta ni. Lagunarte oso polita eta gaua ederki joan zen.

Gaur Super Bowl famatuaren eguna zen eta betiko errutina egin ondoren (skype saiotxo bat, Errealeko partidua eta saskibaloiko laburpenak ikusi eta pasta mordoa prestatu) gure egonglea txukundu eta Green Bay Packers taldearen gauzekin atondu, afaria prestatu eta lagunartean ikusi dugu 4 orduko norgehiagoka.



4 orduz? Bai, baina aitortu behar dizuet lehenengo hirurak berehala joan direla. Norgehiagoka estua izan da eta bi minutuero egiten diren iragarkiak inoiz ikusi ditudan hoberenetarikoak dira, pentsa, minutu erdi bateko iragarki batek milioi pila bat balio ditu.

Eta atsedenaldiko erakuskizuna inoiz baino show handiagoa izan da. Black Eyed Peasek bere kanta guztiak abestu ditu 15 bat minututan eta ikustekoa zen beraien arropa, dantza eta paranoia guztia. Aho zabalik egon gara denbora guztian.

Partidaren inguruan Green Bay Packers taldeak irabazi du pronostikoaren aurka. Hortaz, Jerod eta nire ezagun asko oso pozik egongo dira hurrengo bi hilabeteetan (gutxienez). Baita ni ere, baina asteburu oso polita izan delako!


P.d. Gustatzen nire pijama?

2011/02/05

Santa Ageda bezpera eta ez oles, ez kanta, ez ezertxo ere ez!

Horrela da bai, Santa Ageda nire ohitura kuttunena da eta aurten ezin izango dut esperientzia bizi, pena galanta egia esan.

Horren ordainetan zer egin dezaket edo nuen? Bada ezer gutxi. Aste nahiko zaila izan da klase batzuekin oraindik ere atzeratuta jarraitzen dudalako eta oraindik gure artekoa giroa ez delako pasa den Abendukoaren ezta erdira ere iristen (ezta Lazarrekin ere). Gainera, egun hauetan dauden plan interesgarri ezak dena okertzen du.

Baina gutxienez atzo unibertsitateko saskibaloi taldearen partida ikustera joan ginen. Hawaii-ren aurka jolasten zuten eta harmailetan Boiseko baino Hawaiar zale gehiago zeuden. Honek azalpen bat dauka, baina: BSU Mendebaldeko unibertsitate erraldoi merkeena da (eta kalitatezkoa da, ez kezkatu) eta honek inguru guztietako jendea erakartzen du, baita Hawaikoak ere.

Boise State Basketballek Iturribero eta Virtus Gasteizen aurka erraz galdu dezake, ez da txantxa. Hain dira txarrak! Hawaii-ko Rainbow Warriors-ak 1-17ko errenkadan zetozen etxez kanpoko norgehiagoketan eta erraz irabazi zuten.

Gauza barregarriena ez zen partidua izan, inondik inola ere ez. Hoberena Lazar eta Goran konbentzituta zeudela Hawaiiko jokalarietako baten bat serbiarra zela (historikoki beti egon da serbiarren bat han, adibidez, Peja Savovic, Bilbao Basketeko zuzendaria) eta lehenengo zati guztia Hawaiikoei 'Serbia, Serbia' oihukatzen egon ginela eta serbiarrez gauzak esaten. Gure ustezko serbiarrak Brasildar bat, kaliforniar bat eta Oregongo bat ziren, talderaen fitxan ikusi ahal izan genuen bezala. Hori bai, gero astuna deitzen didate nire euskal forofismoarengatik baina gure taldeko jokalari bat Jeff Elorriaga zen, nahiz eta surfero itxura handiagoa zuen beste edozer baino.


Asteburu honetarako zer plan, bestela? Billy (bere benetako izena Kok da, zeinek zakila esan nahi duen ingeleraz) malaisiarraren urtebetetetzea ospatzera gindoazen asiar pila bat eta pare bat kamuflatu, baina plana aldatu eta etxean egin ordez diskoteketara joan ziren. Ondorioa, Sakura eta biok ostiral batean luze hitz egiten ezin loari eutsirik.

Larunbat gauean Oihanari agur esateko potluck bat dugu. Potlucka merendola bat bezalakoa da, bakoitzak zerbait eraman behar du eta horrela afari jator bat osatzen da.

Ea zer moduzkoa izango den agurra, jende askori pena handia emango baitigu Oihanari agur esatea.

Eta iganderako Super Bowl-a izango da plan bakarra, ikusita irauten duena, ez nintzateke harrituko egun santu guztia telebeista aurrean pasatzea, partidaren aurkezpena, iragarki guztiak eta parafernalia guztia ikusi beharko baititugu...

Asteburu ona eduki!

Besarkada bat!

2011/02/01

Geografiarekin borrokan



Berria egunkariak argitaratu zuen bezala, Fox telebista kate garrantzitsuak honako hankasartze larria egin zuen: Egipto Iraken kokatu dute. Antza denez herrialde hori konkistatzea ez da nahikoa bere toki zehatza jakiteko!

Baina ez da lehenengo aldia Estatu Batuetan, esperimentu honen ondorioak ez dira nahikoa izan amerikarrentzat bere kultura eza hobetzeko. Onartu behar da, hori bai, hemengo jakintsuak oso jantziak direla, baina besteak...

Nik ere antzeko esperientzia bat izan dut hementxe, 5 aldiz hain zuzen ere:

1:
- Nongoa zara? - galdetu zioten Jose andaluziarrari.
- Espainiakoa - besteak harro.
- Ah! Hori Mexikoko probintzia bat da, ez?

2:
Joserekin beste behin...
- Espainian italiarrez hitz egiten da, ez?

3:
Supermerkatuan geundela, eta Franke ordaintzeko prest.
- Erakutsi zure NAN-a, mesedez...
- Tori!
- Nongoa da hau?
- Holanda
- ?? (harridura aurpegia)
- Herbehereak ezagutzen?
- eee... bai... bai... zein da kadukatze data?

4:
Festa batean geundelarik
- Zein da zure izena? - galdetu zidaten
- Benat - nik, zetozkidan galdera sortentzako prestatzen.
- Frantziarra ahal zara?
- Ez, euskalduna.
- Ah! Zorionak!- eskua ematen zidan bitartean.

5:
Lazar festa batean neska batekin hitz egiten.
- Nongoa zara? - galdetu zion neskak.
- Serbiarra - erantzun zion besteak.
- Eta non dago?
- Txina eta Errusiaren artean - hasi zen bestea xaxatzen.
- Ahhh, eta zergatik ez dituzu begiak itxiagoak?
- Orain dela urte batzuk mugitu ginen Europatik nire etnia guztia
Eta neskak dena sinistu zuen...


Horrelako jende dexente aurkitu daiteke hemen, baina Euskal Herrian ere, ez pentsa. Umorez hartzen badugu eta denborarekin hobetzen doan bitartean, gaitzerdi.