2010/12/28

Eskerrik asko denoi!

Hasiera batean ez nuen blog honen ideia oso baliagarria ikusi... 'a zer pereza noizean behin zerbait idaztea! eta nork irakurriko du, gainera! ' pentsatzen nuen...

Baina tira, hilabeteak pasa dira eta nola edo hala jakin dut hark irakurtzen duela, beste horrek ere, hurak ingelerara itzultzen duela Google Translate erabiliz, besteari bere euskara hobetzeko balio diola eta hari bere momentu txarrak hobetzeko... eta oso pozik sentitzen naiz!


Eta zuek idazten jarraitzeko kemena eman didazue eta horregatik jakinarazi nahi dizuet blog hau esteka honetan irakurri ahalko duzuela hemendik aurrera ere:

http://berria.info/blogak/euskaldunbatamerikan

Oso pozik nago, ezin dut ezetz esan! Denek dakigu Berria nola sortu zen eta zergatik, zer pasatu zen Euskaldunon Egunkariarekin eta beti izan nahi dut nola edo hala lagundu!


Berriz ere, mila esker denoi nire urratsak jarraitzeagatik!


Besarkada handi bat!

2010/12/26

Eguberrietan, a sako aeroportuan! eta New Yorken ere halatsu!



Bai bai, a sako, a muerte, a cuchillo, a couteau, dudan dena ematen,... nahi duzuen bezala!


Dena nire plan txoro batengatik izan zen, nork esango zidan New Yorkera joatea eta Gasteizera itzultzea Gabonak hasi baina egun bat lehenago?

New Yorkeko egonaldia oso intentsoa izan zen, gauza asko egin baikenituen, egun santu osoa alde batetik bestera joanez, Manhattan guztia ikusiz, gauza famatu guztiak nire begiekin ikusiz, NBAko partidu bat ikusiz, Broadwayko musikal bat, gospeleko mezeta bat Harlemen...






Arazoak? Kriston hotza egiten zuela (jertsea, polarra, hiru kamiseta, bi praka, bi galtzerdi pare,...nire lagun hoberenak), hotel kaskar bat eta nire laguna ez zela nik uste bezain dibertigarri eta azkarra... Hurrengoan zuei eskeiniko dizuet ekainean egin nahi dudan AEBtako ekialdeko kosta ezagutzeko tourrera etortzeko!


Eta tira, beste arazotxoren bat ere egon zen... elurra... edo elurrarengatik sortutako kaosa... edo kaos handitua elurragatik... ez dakit zeinek definitzen duen hobeto, baina kontua da New Yorketik Bruselasera gustura hegaz egin nuela: azken aeroportu hau garbi omen zegoelako, Jet Airways indiarren hegazkina oso erosoa baitzen eta azafatak oso atseginak eta lirainak zirelako, familia eta lagunak berriro ikusiko nituelako (zain dago aita, zain ama, zain...), izebak eta amak prestatzen duten solomo eta zapo ezinhobea mahaian itxoiten, bi egun lo egin gabe egon ondoren nire ohea ere zain zegoelako... baina tira! Hurrengoan izan beharko da!

Bruselasko aeroportua itxita aurkitu genuen eta Oostendeko aeroportuan egon ginen lau orduz, Santanderrekoa baina txikiagoa izanda pentsatu, a zer besta!

Eta behin Bruselasera iritsita... laburpena:

- Abenduaren 24a

maletak aurkitzen saiatu hiru orduz
pikutara bidali azafata atsegin eta ezjakin horiek
kola batean jarri
somaliarrekin hitz egin
misionero batzuekin egin
langileak bonboiak jaten gure aurrean
9 egunez harrapatuta zegoen atleta profesional batekin hitz egin
gurasoekin hitz egiten saiatu... too bad, mugikorrak ez du funtzionatzen
ghanako batekin hitzegin
eta somaliarrekin berriro
eta...
5 ordu ondoren hotela eta hurrengo egunerako hegaldia lortu

- Eguberrietako afaria

Trenean sartu baino lehen Asako japoniarra (harrapatzen izenburuko hitz jokoa orain?) ezagutu eta hotelera iritsi
Hoteleko jatetxea itxita
Hotelak eskaintzen zigun jatetxea itxita
Pizza Hut gure muturren aurrean itxita
Afari erromantikoa Asako eta biok Kebab batean!
Lotara joan, pijamarik gabe eta toailekin berotuz

- Abenduaren 25a

Goiz altxatu eta gosaldu (arropa zikina jantzita, noski)
Afrikar lagunekin trena hartu
Nire maletak eta hegaldia bizirik daudela baieztatu
aeroportuan bi ordu lo egin
Hegaldia hartzera joan eta atzeratuta
Berriro ere atzeratuta (arrazoirik ez)
Axel Hervelle Bilbao Basketeko jokalariarekin hitz egin
Eta berriro ere (pilotoa falta zaigu, Ginebratik omen dator... hegazkina ikusten dugu, ordea)
Eta berriro ere (ez dute iritsi berria den pilotua aurkitzen)
Azkenean hegazkina hartu
VIP tokian eseri
Bilbora iritsi
Familia agurtu eta bazkariko postrera iritsi
Lo egin


Tira... Azkenean zuekin nago! Eguberri zoriontsuak izan ditzazuela eta laster arte!

Besarkada bat denoi!

2010/12/18

New York City eta Euskal Herria!

Sarrera hau toki paregabe baten eta tramankulu berezi batekin idazten ari naiz. Mormon City-ko aeroportuan nago, Salt Lake City bezala ere ezagututa, eta frantses portatil batean idazten ari naiz (teklatua guztiz aldrebes dauka, beraz, he,en itxaron beharreko hiru orduak berehala pasatuko zaizkit), Cecile nire lagun frantsesarekin batera New Yorkera bidean bainoa.

Ez dakit denek jakingo duzuen baina 24 eguerdian Bilbora iritsi aurretik egun batzuk pasatuko ditut han, eta egia esan, jende zurrunbiloan barneratzeko gogo handia daukat. Gainera, toki tipikoak bisitatzeaz gain NBAko norgehiagoka bat eta Broadwayko musikal bat ikusiko ditugu, beraz, chaupeau!

Bitartean, oso ondo segi eta Gabonak bikain hasi! A zer gogoa zuek ikusteko!

Besarkada handi bat!

2010/12/16

Arrazoia nuen!


Nik beti esan izan dut TDAH -a (Trastorno de Deficit de Atencion e Hiperactividad) dudala, eta aldi bakoitzean gurasoek zaplazteko bat ematen didate. Baina badakit arrazoia dudala!

Atzo, urrutira joan gabe, Natasha lagun amerikarrak (ez, ez da errusiarra) esan zidan ea hiperaktiboa al nintzen. Ezin gelditu bainintzen gaueko hamabietan egun oso luze baten ondoren (enkarguak, azterketak eta snowboarda tarteko)...

Zer diozue orain?

Ulertzen dut erantzuna 'betiko lelo bera zarela' bada... : D

Euskal Herriko Shaun White

Nork esango luke, blog hau idazten duena snowboardean murgilduta!!!

Azterketa garaia da, baina jada burua liburuak ez beste tokiren batean dugu... eta horrela negoen ni nire azterketa bakarrarekin: Artearen inguruko sarrera. Historia pila bat, kontzeptu berri bat eta motibazioa ahotik irtetzen zitzaidala!

Tylerrek askotan esaten zidan arrantzan edo snowboard egitera joan behar ginela eta azterketa bukatu bezain laster abiatu ginen. Ez dago esan beharrik azterketa presaka egin nuela Bogus Basin ski-gunean ahalik eta azkarren egoteko (45 minutuko bidaia bakarrik, hala ere).

Iritsi ginen bada hara, eta lehenengo gauza egin genuena argazki historiko bat hartzea izan zen!


Hasierak ez dira errazak izaten, eta ni bezalako kankailu baten kasuan are gutxiago! Baina behin trikimailuren bat ikasita eta konfiantza gehiagorekin oso ondo moldatu nintzen.

Egun ederra izan zen: azterketen bukaera, nire debuta snowboardean eta gauez snowboard egiten nuen bitartean Boiseko argiak ikusten ziren mendi behean.

Toki paregabea, dudik ez!

Kondairek esango dute Bogus Basinen hasi zela Euskal Herriko Shaun White-n hegaldia ...

(ea zenbat kostatzen zaien nire gurasoei burua lepo gainean edukitzeko esatea) : D

2010/12/09

Mundua txikia da... la ostia txikia dela!


Seguru askok eta askok ikusi duzuela bideo hau, baina ikusita ez zenuenok, zer sentitzen duzue?
Niri behintzat oilo ipurdia jartzen zait... kar kar kar

Kontua da Allerie nire klasekidearekin hitz egiten ari nintzela kotxera bidean gindoazela (klaseko 'afari' bat geneukan urteari amaiera emateko, ez pentsatu beste ezer... ez dela egia! kar kar) eta nahiz eta nahiko ondo eramaten naizen berarekin, ez genuen Euskal Herriari buruz hitz egin (arraroa, ni izanda).

Ba bapatean bota zidan, ezagutzen ahal duzu CSIko Bill Petersen (Grissom), eta ingelerazko siglak hamar minutu ondoren euskarara pasatu ostean, baietz esan nion, eta berak hau esan zidan:

-Ba nire lehengusinaren aita (hemengo banantze kasuekin, badakizue, ezin da inortaz fida... hahaha), tipo hori da!

Eta hori! Segitu genuen eguraldiari eta azterketei eta Gabonei buruz hitz egiten, betiko moduan... Baina egin zidan ilusioa ez dit inork kenduko!

p.d. klaseko afariak Euskal Herrikoak bezala izango balira, ai ene!!! kar kar

2010/12/07

Derbya, 4 urteren ondoren


Azkenean iritsi zen lau urteren ondoren hainbeste esperotako norgehiagoka. Antza denez, errealzaleak bakarrik geunden hain emozionatuta, baina tira, suposatzen dut Bilbo aldean ez duela grazia handirik egingo 2-0 batek... kar kar kar


Hala ere, ez zen oso partida polita izan (batere ez) baina oso ondo pasatu nuen, Josu Zubizarreta hemengo lagunak gonbidatuta athleticzaleen artean eta euskal janari eta mus-partidekin bizi izan bainuen igandea.


Hala ere, ez nuke gaurkoan nik bizi izandakoaren hausnarketa bat egin nahi, enbidia sartu eta ni ere blog politiko horietako bat idazten hasiko bainaiz (badakizue, hemendik aurrera, nik esandako guztia egia da... kar kar).




Egia esan, pozten naiz harmailetan horrelako giro ona ikusteaz, azkenaldian euskaldunen arteko giroa ez baita soberan ona izan. Eta zerbait oso tristea da, ez baitugu herri itxura ematen eta horrela zaila izango da zerbait lortzea (izan bedi independentzia edo lege berriak, edo aurrekontu komenigarriak,... zuek nahi duzuena). Beti egon da arrazoiren bat gure artean borrokatzeko: kirola, hiriburutartasuna, euskalduntasuna, azkenaldi honetan asko samindu nauen oi-punk taldeen arteko borroka (benetan, zentzurik gabeko borroka),... eta ea-ea pixkanaka ahazten ditugun txepelkeria horiek.


Bestalde, oso pozik nago Euskal Selekzioak Gabonetan jolastuko duelako. Bi arrazoirengatik: azkenean ados jarri garelako eta Venezuelaren aurka jolasten dugulako, non bi lagun oso on ditudan.


Hala ere, Euskal Herria izenpean jolastu beharko genukeela uste dut, jokalari naparrak eta mugaz bestaldekoak baditugu ez duelako Euskadi hitzak tokirik, duela 100 urte asmatutako hitza, gainera.

Horren harira, pozten naiz aldarrikapen gehien egiten ari zen taldea Erreala izatea. Ez nintzen hain errealzalea ezta futbolzalea orain arte, baina Demetradze, Kokhlov, Cvitavinovic eta abarrekoz betetako aldagela bat izatetik euskal girodun talde bat izatera pasatu gara, euskararen aldeko mezu bat duena soinean, ... eta beste aldean ahazten ari dira horretaz.

Ez dakit zuek zer pentsatuko duzuen, baina idatzi lasai. ... zer zerbait gustatzen ez bazait komentarioa ezabatuko dut! kar kar kar

Aste ona izan eta ondo bukatu zubia!!

2010/12/06

Euskararen astea eta Xabier Lete




Hain dira antzekoak eta gertukoak bi gauza hauek, ezen ez duela zentzurik azkenaldian izan dugun euskalzale handienetako batek euskararen astean bereziki sufritu izanak, edo agian zentzu gehiegi du. Hainbeste egin du gure hizkuntzagatik eta seguruenik, hainbeste sufritu du, errazena bere semeei euskara ez irakastea, Ez Dok Amairun ez sartzea eta langile xume bat izatea, zentsuran eta jazarpenaren suarekin ez jolastea; olerkaria, abeslaria, ikerlaria,... ez izatea zenean. Eta den-dena azken hamarkadan izan zuen gaixotasun larriarekin.




Dena dela, orain badakigu Euskararen astea ospatzen den astean zendu zela Xabier Lete, kasualitatez Boisen lehengusu bat duena: Nere Lete, unibertsitateko euskara irakaslea eta hemengo familia euskaldun oso esanguratsu bateko partaide baten (David, Boiseko alkatea, tartean, Bieter da) emaztea.



Eta hor ari ginen Leku Ona jatetxean euskal kantuak abesten eta 50 bat pertsona elkarrekin hizketan Nerek harro esan zuenean 'Jakin beharko zenukete honen lehengusina naizela e?'.



Baina tira, ahaztu dezagun berri txar hau eta gogoratu dezagun betirako Xabier, eta bukatu dezagun esanez Izaskun Kortazar eta Nereri esker munduko beste puntan gau eder bat izan genuela.

p.d. beste urte bete Durangoko azokara joan gabe
p.d. 2 Madrid eta Paris berde ikusteak pozten nau


2010/12/03

Elurra Boisen... eta festa! Txikitan bezala!



Ez dira oso urruti gelditzen momentu horiek, autobus geltokira joan eta autobusa iristen ez zenez parkera abiatu eta elur bolak botatzeko ordua ailegatzen zenean! Edo uholdeengatik klasea galdu genuenekoa!

Nirekin ikasi zenutenetarik askok ez duzue berdina pentsatuko baina Ikasbidea oraindik faltan botatzen dut, nahiz eta kaxkarra izan, nahiz eta ittuteak izan, nahiz eta irakasle batzuk txarrak izan, nahiz ta ordu erdiko bidaia izan haraino iristeko,...

Han hasi zen dena, han egin nituen orain arte ditudan lagunik hoberenak (salbuespen batzuekin, jakina) eta hangoak ditut nire oroitzapen handienak!

15 urte ez baitira ahuntzarek gauerdiko eztula (ez dira indiolarraren mukia! kar kar)!



Baina tira, kontua da atzo klasea galdu genuela elur gehiegi egiten ari zelako eta oso ondo etorri zitzaigun denoi!

Ni ohean entzanda nengoen, goizeko 7:30ak eta altxatzeko garaia! Ikastolan eta unibertsitatean 7 ordu irakatsi beharra nituen, baina nire pisukidearengatik eta makinengatik (goizeko 6etan elurra kentzen) gaizki lo egin nuen!

Ordua begiratu eta mezu dexente: 'ez dugula klaserik, segi lotan! ' Hala egin nuen eta gero ba, umetako planak berriro: elurgizonak egin, aldapetatik bota plastikoekin, aingeruak marraztu, hankak busti,... eta eskolako lanik ez egin!

Egun earraaa!!!



Amerikan egin ditzakedan gauzak (2)


Umeentzako literatura klaseari amaiera emateko aurkezpen bat egin behar genuen, literatura eta edozein gai nola jorratzearen inguruan.


Nik Heziketa Bereziaren inguruko aurkezpen txapuzero eta barregarria egin nuen Power Pointarekin, baina hemen amerikarrak serio hartzen dute gauza eta kaimanen inguruko aurkezpen batean ba... kaiman bat eraman eta kitto!


Argazkian Tyler jatorri euskalduneko nire laguna eta klasekidea, kaimantxoarekin!


p.d. nik ez nuen eskuetan hartu baina behintzat ukitu nuen, e?

Banago bueltan! Zer berri Kalifornia aldean?





Tira, agindu nizkizuen 8 egunak baino gehiago behar izan ditut berriro idazteko, baina egia esan orain azterketa eta lanekin gaude eta ezin denborarik atera!


Argazkiak igoko ditut ahal dudanean baina hitz birekin laburbilduko dut Las Vegas eta Kaliforniako bidaia: kamutsada eta arazoak.


Bale, aitortzen dut momentu onak bizi izan ditugula, aitortzen dut pelikuletan bakarrik ikusi genitzazkeen tokiren batzuetan egon garela, baina lagunen artean tirabira asko izan dira (dirua, planak erabaki, egoen arteko talka, gezurrak,...) eta Los Angeles (ghetto bat), Santa Monica hondartza, pacific Bluekoa (beste bat), Hollywood (lurrean izar batzuk dituen ghetto bat) eta Las Vegas (hutsik dagoen hiri triste bat) eta abarrekoek kamustu gaituzte.


Kamustu nire ondoan nahi nukeen nire anaiak erakutsi zigun hitz bat da, zeinek decepcion/disappointment esan nahi duen.


Momentu oso onak ere egon dira. Hementxe doaz laburtuta:


- Salt Lake City: denbora guztian mormoietaz barrezka aritu ostean bidaian sartu ginen mormoien tenplu sakratura eta hiru neska gazte eta lirain gurekin solasean eta fitxak sartzen... nire bizitzako bisita giatu entretenigarrietako bat! Hori bai, sektarik ez, mesedez!


- Disneyland, Las Vegas eta Los Angeles:


inoiz ez naute inundik bota baina Disneylandeko taberna batetik bota ninduten edaten harrapatu nindutelako. Edaria lagun baten gurasoek eman ziguten, zeintzuk bazekiten adin txikikoak ginela!


Las Vegasen lazar eta bioi hiru aldiz bota gintuen segurata berdinak, ezin baikinen hor egon! Esan ez genion ba ikusi besterik egin nahi genuela, ez genuela dirurik xahutuko, ilegala zelako adin txikikoentzat!


Lagun baten etxean geunden eta beraien lagunak edaten eta marihuana erretzen... bapatean ateari norbait joka! Los Angelesko Polizia! Gure lagunak esan zien atzerritar pila bat zeudela etxean eta tipoa joan egin zen! A zer pribilegioak ditugun!


- Euskal ikutua:


Utah-n galdutako gasolindegi bateko komunean... lasai lasai nire zereginetan... eta bapatean kamisetan ikurrina zuen tipo bat sartu zen... Salt Lake Cityko Txomin! Hor hasi ginen euskaraz hitz egiten, bere familia erakutsi zidan, argazkiak atera genituen... Nire lagunak enbidiatan eta flipatzen!


Los Angelesen hondartzan bainatzera gindoazela tipo bat txirrindularekin mailot laranja batekin... pixkat hurbildu ginen eta Euskaltel-Euskadiko ekipazioa!!! kar kar kar




Hori izan da gutxi gora behera laburpenaren laburpena!!!


Laster arte aixkideak!

2010/11/19

Bloga itxita 8 egunez!

Bai!!!!! Yuhuuuuuuuuuuuuu!!!

Orain nire kontura farra eder bat bota dezakezue osteguna izanda! Pentsa, 8 egun konprobatzeko ea zerbait berria idatzi dudan ala ez. Gainera, idatzitakoa kaka bat bada arrazoi gehiago nitaz aspertuta egoteko!


Zein den 8 eguneko oporrak hartzeko arrazoia?

Thanksgiving-eko zubiaaaaaa!!!!

Bai, indioilarraren afariarena, %70 deskontuak lortzekoarropa eta teknologia berrietan gaua denden kanpoan pasatzearena, eta abar eta abar!

Erresidentzia ixten digute eta zerbait egin behar genuen, ez gara Boisen geldituko denbora galtzen!


Bihar Las Vegasera abiatuko gara 9etan hiri hau gauez ezagutzeko (begi bat ixten dudan bitartean idazten ari naiz...) eta jarraian Californiara gidatuko dugu kotxea, han Los Angeles, Beverly Hills, Hollywood, Disneyland (bai, nik ere ez dut ulertzen zergatik goazen hara), San Diego,... ezagutzeko!

Pentsatzeak bakarrik logura kentzen dit. Pentsa, 6 kankailu elkarrekin dandolo todo! kar kar


Hori bai, eskolako lanak utziko dizkizuet bitartean... Hau da nire sukaldeak zuen itxura eta kiratsa atzorarte, eta den-dena nire lagun korearrarengatik.



Gauzak erabiltzen jarraitzen du, ni noiznahi esnatzen, ez garbitzen,... horregatik, aurkeztu nahi dizuet Izorratu Korearra I. lehiaketa.
Zuek nahi duzuen tokira (e-mail, bloga, tuenti, facebook,...) bera izorratzeko ideiak bidali beharko dizkidazue (zorte pixka batekin logelaz aldatuko bainaiz eta nire laguna modu original batean agurtu nahi baitut) Azaroaren 31a baino lehen. Orduan ideia guztiak aztertuko ditugu nire lagunek eta nik eta praktikan jarriko ditugu hoberenak!

Irabazleek saria izango dute! Animatu!


Bien bitartean, oso ondo pasa eta 8 egun barru arte!

2010/11/18

Nire egun hoberenetariko bat! Zubiaren aurretik!!!


Bai, hala da! Bi egun gaizto nituen segidan, bietan goizeko 7etan esnatu eta gaueko bederatzietan iritsiz! Kriston paliza, kontuan hartuz gainera koala bat baino azkarrago nekatzen naizela...

Astea ebay-n erosi nituen gauzak etxera iritsiz hasi zen... Argazki hau da nire arrakastaren islada! Mesedez, nitaz ez barre egin! Eta nik zer nekien umeen L-a ere zegoela! Ni txikia nintzenean zenbakiak zeuden, ez handien L eta XL eta abarrekoak!



Ez dut asti handirik luze idazteko baina azkenean Health Fair delako hori iritsi zen. Ez genuen nahi genuen bezainbeste jende batu baina arrakasta itzela izan zen. Oso ondo pasatu genuen,ni jokuen stand-ean nengoen eta hula-hop errekorra izan nuen ia-ia egun osoan zehar. Gainera, esan ziguten etorri zen jende gehiena mutilak zirela eta hori aldatzen saiatu nintzen jo eta su! kar kar




Eta ondoren jarraian...

Unibertsitateko jantokian kontzertua jo genuen lagunek gure komunitatea ezagutarazteko! Oso ondo egon zen, olerki eta kanten konbinaketekin!
Eta zer egin nuen nik? Alboka eta txirula jo, jakina! Eta euskal jantziekin!!!!

Oso ondo pasatu nuen, mikroa erabili nuen tontoarena eta aldarrikapenen bat egiteko (Freedom for the Basque Country... : D ) eta uste dut nahiko ondo joan zela dena. Gainera, nire ikasle batzuk eta ikastolako zuzendaria eta bi ume etorri ziren, eta niri horrelako gauzek hain ilusio gutxi egiten didatenez ba... kar kar

Kontzertua Nazioarteko Astearen barruan egin zen eta hainbat ekitaldi daude, baita campusa banderez beteta.



Munduko bi herrialde hoberenak elkarrekin, eta nire lagun bat (pekatua esaten da, ez pekataria horietako bandera bat 'etxera' eraman nahian...)


Eta eguna bukatzeko, Mikel nire ikasle batek euskal elkarte bat antolatu du eta inaugurazioara joan nintzen. Ez zen jende asko etorri baina ideia oso ona denez indarra eman behar diogu luze iraun dezan. Eta hainbat hilabeteren ondoren, kalimotxo bat hartzeko aukera izan nuen!!!


Ea bideoak eta argazkiak aurki iristen diren! Erakutsiko dizkizuet!

Ondo segi!!

2010/11/14

Getting to know my friends 3: frantsesitoak



Hiru ditugu gure artean eta nahiko luze egingo zaigunez bestela banan banan ezagutarazten gaur hirukote berezi hau aurkeztuko dizuet, sarrera bakar batean!

Halima Saidani, Cecile Pagat eta Arnaud Le Beschu de Champshavin dira nire lagun frantsesak eta tira,... Halimarekin hasiko naiz!


Halima Saidani Pariseko auzo txiro batean jaiotako frantziar-algeriarra da, arabiarra, hortaz. Martxoak 16a da bere urtebetetzea baina ezin izango dugu elkarrekin ospatu, bera, hemengo frantziar guztiak bezalaxe, dagoeneko etxean egongo baita, Boiseko denboraldia amaituta eta praktikak egiten enpresaren batean.


Oso neska atsegina eta pertsona bikaina (hemengo onena, seguruenik), denak harri eta lur utzi gintuen bere izaera zirikatzailea atera zuenean, eta sabelalde dantza (danza del vientre, belly dance,...) egiten zuela aitortu zigunean.

Berarekin oso harreman ona daukat eta askotan arabiarra eta frantsesa irakasten dit (bere klaseetara joan nintzen ni), horregatik, nahiko kezkatua egon nintzen zorabiatu eta burua bitan ireki zuenean. Gainera, edan zuela leporaratu zioten, baina ez dut uste ostiral bateko 15:00etarako mozkortuta egon daitekeenik bat, gainera arabiarra izanda.

Oso harreman sendoa osatu dute batzuk hemen eta egun osoa pasatzen dute hizketan, gero, komeriak... lo gutxi eta osasun arazoak.

Faltan botako zaitut sadeeqa (laguna, arabiarrez)!!!




Cecile Halima



Cecile Pagat Saint Ettienneko neska gazte txoroa bat da. Ezagutu nuen lehenengo egunean ez zidan batere inpresio onik egin, zombi aurpegia baitzeukan... nahiko gauza normala ikusita 40 ordu zeramatzala ohe bat zapaldu gabe.

Bera izan da neskak eta mutilak kuadrila bezala ateratzera bultzatu gaituena, horren irekia eta alaia baita! It's not funny askotan esango dizu, bere azentu frantses peto petoarekin... eta gu barrez lehertzen!

Neska gaixoa pixkat desesperatuta dabil mutilen bat ezagutzearren Frantziara joan aurretik, eta gurekin ordaintzen du bakardade hau. Guk, hori bai, besarkadak eta zirikatzea besterik ez diogu onartzen! kar kar

Oso langilea eta azkarra, berarekin eta bere ahizparekin joango naiz New Yorkera Gabonak iritsi aurretik, aurkitu genuen ganga bati eskerrak!


Erakutsi zizkigun bi kanta barregarri, beraien esanahia Jantzi txanoa eta hitz egin nire eskuari!!








Eta azkena!! Mr. Frenchie!! Arnaud!

Tipo bitxia eta interesgarria aldi berean. Ez dakizu nola, noiz eta non topatu dezakezun: belarretan lotan, jantokian trajez jantzita, Jeroden ohean siesta botatzen... Hori bai, beti gitarra jotzen!

Hippya dela esango nuke, baina bere familia gillotinatutakoen ondorengoa da, bakezalea dela esango nuke, baina bere aita Frantziar armadako goi mando bat da, liraina dela esango nuke, baina hiru aste daramatza begi bat itxita duelarik gure Tartalok...

Askotan kostatu egiten zitzaidan bera ondoan edukitzea baina tira, konturatu naiz frantsez harroputza dela baina oso tipo ona eta interesgarria, nahiz eta hitz bat ere ulertzen ez diodan bere super azentu multikultural horrekin, izan ere, Orleansen jaio baina Parisen bizi da, Marokon bizi izan zen, Bartzelonan ere (gaztelaniaz esaten dakien esaldi bakarra: quiero un bocadillo de leche),... Neska guztiak lerdea dariola zituen, orain arte! kar kar


Bueno Arnold, pozten naiz zu ezagutzeaz! Zuek ere Halima eta Cecile!

Laster arte!


2010/11/13

Estatu Batuetan egin ditzakedan gauzak...


Blogean idazteari utzi aste betez baino gehiago, adibidez... kar kar

Ez dakit non gelditu den nire inspirazioa edo nire musa edo daukadan hori (izatekotan...) baina tira, azkenean larunbata, eskolako lanik ez, eta bi ordu ohean etzanda rapeko abestiak abesten eztarria atera beharrean... nahikoa da! Idatzi dezagun!


Zer iruditzen zaizue hemen, Boisen, Idahon, Estatu Batuetan, ... egin ditzakedan gauza bereziei mintzatzen banaiz labur-labur?

Zuen erantzunari itxaron gabe hasiko naiz...


Hemen egin dezakedan gauza bat, esaterako, Fitness eta osasunaren inguruan feria bat antolatzea da, Build a Stronger U (eraiki ezazu zeu indartsuago bat) izenekoa. Hiru hilabete pasatxo egon gara antolatzen eta ni marketing taldean egon naiz. Hurrengo asteazkenean da eta zergatik ezeztatu, urduri gaude, lan asko baitago atzean: 70 babesle, esponsor ugari, kontzertuak, jolasak,...

Eta tira, marketingen egin dugun lana ez da makala izan, atzo kotxez gindoazela kaleko pantaila erraldoi elektroniko batean nire posterra ikusi nuen, jantokiko komunetan eta mahaietan nire flyerrak...
Ea Magisteritza utzi eta lixiba enpresen iragarkiak hobetzen jardun behar naizen hemendik aurrera...


Zer gehiago egin dezaket hemen... je ne sepa! ! ! A bai, frantsesezko klaseetara joan nire lagunekin, ikusita irakaslea gure laguna dela (coming soon, frantsesen aurkezpena).
Oso ondo pasatu nuen eta tira, inoiz frantsesa ikasita egonik maila txukuna eman nuen! Batik bat hitz egokiak dakizkidalako: je sui perdi, je ne sepa, je ne comprepa, teis tois, ... ez dakit ondo idazten, baina...

Hortan datza nire erronka, frantsesez, serbiarrez, japoniarrez eta arabiarrez maila txukun bat edukitzea (zenbat miresten ditudan Itzulpengintza egiten dutenak). Hau ere, AEBtan egin dezaket! haha



Serbiarrez hitz eginda... Inoiz egon zarete hotel bateko logelan egindako festa batean? Ba ni... ia-ia!

Lazarren lagun baten (Snezana, neska) urtebetetze festara joatekoak ginen hoteleko gela batean, baina zoritxarrez bere gurasoak joan ziren etxetik eta han egin genuen festa, rakia edari serbiarraz (uraren 'kolorea' eta lixibaren zaporea... baina nik ez nuen probatu e? jajaja) eta Goran, Milan, Snezana eta Miljana izeneko jendez inguratuta (kasualitatea Boiseko serbiarrek izen berdinak izatea...).

Pena bat Lazar jeloskor jarri izana (nahiz eta neskarik eduki nahi ez) eta latinoamerikar pandilero batzuekin (pistola omen zeukaten kotxean, horrelako poztasuna sortzen zait gorputzean... kar kar) borroka batekin festa bukatu izana. Hau ere ez dut inoiz Euskal Herrian bizi izan...


ummm... eta azkeneko gauza, a bai! Auto Clean!

Azalduko dut. Nire sukaldeak txerri korta bat ematen du, batik bat nire lagun korearrak ez duelako garbitzen (ezta komuna ere, ezta lababoak, ezta ispilua, ezta... dutxatzen ahal da?). Eta labeak ba sumendi bat ematen du bere harri kiskalduekin (eroritako pizza eta haragi zatiak), laba ibaiekin eta guzti. Baina bapatean tipo euskaldun azkar batek Auto Clean botoia ikusi zuen. Auto Garbiketa!!!

Eta noski, ni ona mundua ikustera etorri naiz eta botoiari eman nion... Emaitza: Boooom!!!

Ez, ez kezkatu. Labea ezin izan nuen 5 orduz erabili, kriston kiratsa zerion gainera, ke pila bat, izerditan eta eztarria erretzen, eztulka,... Baina pena merezi izan zuen 5 orduz sufritzea, labea garbi garbi baitzegoen!!! : D


Gauza bat ezin dezaket hemen egin baina, zuekin aurrez aurre hitz egin!

Besarkada bat guztioi! Bloga irakurtzen duzuenoi eta ez duzuenoi (nola ohartuko dira orduan nire besarkadaz?), altuei eta hezur zabalekoei, politei eta errasgo berezidunei, azkarrei eta burmuin nagia duzuenoi, ... denoi!


p.d. hau ere edozein tokitan egin dezakezue! Animatu!

Jakinarazi nahi dizuet...

... oraindik ez baduzue egin, lotsak utzi eta nirekin skypeatzera ausartzeko, ez dizuet ezer txarrik egingo webcametik eta zuekin hitz egiteko aukera ona izango baita!

2010/11/04

Cuando deje de escribir pillaré un bazooka...

Espainian entzun daitekeen rap talde dezenteenetako batek esaten duen esaldia da eta oraintxe bertan primeran datorkit...

Egun txarrak! Bereziki gorroto ditut... badakidalako okerrera joango dela eguna bukatu arte...
Etxekoek badakite oso jenio txarra dudala askotan eta ez nauzuenok horrela ezagutzen ba imajinatu ezazue tipo borde eta muturoker bat orain, denbora guztian euskaraz gaizkiesaka!

Arrazoiak?

- Egun txarra ikastolan: ume gehiago genituen eta pixkat gainditua sentitu naiz. Gainera umeak negarrez, nagi zeuden, aztoratuta,...
- Horren ondorioz inspiraziorik gabe euskara klaseetan unibertsitatean. Benetan, gaur munduko irakaslerik txarrena sentitu naiz
- Ezin naiz hurrengo hiruhilabeteko klase batzuetan matrikulatu oraingoz ,... EHUn beste urte bat emateak nolabaiteko burukomina ematen dit...
- Saskibaloian jolasten munduko jokalari txarrena sentitu naiz gaur, eta para mas inri, jauzi errusiarra egin eta guztiak esaten urratsak zirela, denak niri keinuka, nitaz barrezka... assholes!!
- Interesgarria nire pisukidearen (a zer gogoa hurrengo lauhilabetean nire lagunekin bizitzeko...) eta nire artean oraintxe bertan sortu den gerra, ea nork jartzen dituen altuago Alaitz eta Maider eta rap arraroa edo kokoteraino nagoen telesail korearrak...

Baina tira, ematen duela egun txarra dudala, aldatu dezagun gaia!!

Aurreko asteburuan Halloween izan genuen hemen (beharrezko azalpen bat, badaezpada ere, bertsoak utzi gaituzten gertuko jendearengatik zen eta idatzi dudan azken komentarioa txantxa zen) eta zer nahi duzue esatea: mucha calabaza, mucha gaita baina inauteriak badaude zalantzarik ez zein den hobea...

Hemen hiru egunetan botatzen da farra baina bi arrazoirengatik behin bakarrik atera nintzen. Bata ostiralean nire lagun Kattalinek antolatutako festatik goizeko 11etan iritsi nintzelako eta larunbatean atera aurretik siesta kolektiboa bota ondoren igandeko 10etan (Erreala ikusi nuen behintzat) esnatu nintzelako. Beste arrazoia astelehenean klasea nuela da.

Beste gai bat: hauteskundeak... Kriston abstentzioa eta AEBn eta bereziki Idahon errepublikanoak nagusi. Pete Ysursa euskalduna senatari izango da Idaho ordezkatzen beste behin % 79ko sostengua lortu baitzuen. Pena bat atzerakoi peto-petoa izatea.

Mekel (gurasoek horrela jarri zioten izena amerikarrek Mikel zuzen ahoskatzeko) nire euskarako ikaslearekin eta bere lagunekin Jackass 3D ikustera joan nintzen, baina egia esan behar badizuet sozializatzeko, dirua xahutzeko eta Halloweenerako hiru dimentsiotako betaurrekoak lortzeko egin nuen... Ez dut ulertzen zergatik, bestela.

Beste gai bat: erosketak. Beti egin zait zaila arropa erostea, ez zait gustatzen eta estresatu egiten naiz nire gustuko ezer ez dudalako aurkitzen. Hori gertatu zitzaidan pasa den astean. Ondorioa garbigailua maiz jartzea eta zapatila puskatu batzuekin ibiltzea.
Gainera, e-bayn parte hartzen dudan puja guztietan galtzen dut...

Eta bukatzeko Cecilen urtebetetzea izan genuen astelehenean. Elkarrekin joan ginen afaltzera (ez zigun ordaindu baina, baina zer ost*a...) eta oso ondo pasatu genuen! Dagoeneko goibeltzen hasiak gara Halima, Arnaud aka Tartalo (aste bete pasa begi bat izen irekirik dabilela), Cecile eta Frankek utziko gaituztelako.
A zer barre algarak eta iskanbila montatu genuena!

Eta lehenbailen afaltzera joango naiz zopa hoztuko baitzait bestela eta bihar azterketa sorpresa bat baitut eta noski, ikasi beharra. Sorpresa diot atzo jakin nuelako bihar nuela, besterik ez!

Hori bai, ez naiz haserretuko idazteak asko lasaitzen bainau eta zuek hurbil sentitzeko modu bat baita!

Miss you guys!!! (Faltan botatzen zaituztet... orain dela hiru hamarkada ingelera ikasi ezin ahal izan zutenentzat... kar kar)


Ondo segi!

2010/11/03

Jakinarazi nahi dizuet...


... nire bertsoaren ondoren hainbeste komentario espero eta ezta bat ere jaso ondoren, bietako bat: edo nik bakarrik irakurtzen dut blog hau edo ondo egin nuen bertsolaritzan ez izena ematen...

: D

2010/10/30

Zuen omenez...



Hemen Halloween, han beiz, zubia
hildako guztien izenean
non ote daude, zergatik gu utzi
behar ditugu aldamenean
haien irria, haien laguntza
oraindik bihotz barnean
amona, lagun, aita edo izeba,
badakizue soberan
iritsi garen mendi punta hontan
zuengatik ere gaudela.


Getting to know my friends 2: Franke Thanopoulos


Franke Giorgos Thanopoulos 1988ko Abenduaren 29an atera zen mundura, eta a zer tokian: Atenasen! Bere aita greziarra eta ama holandarra izanik bi hizkuntzak aise ikasi zituen ta horrek hizkuntzetan iaioa bilakatu zuen...

Bere lehenengo 11 urteak Grezian pasatu zituen, non bere Panathinaikos taldearekiko maitasuna sortu zen (batera abesten dugu ereserkia, nik txistu eginez ta berak ahotsa jartzen... haha), baina ondoren Liewerdeen-era mugitu zen, Holandako hiri koskor bat.

Egia esan aurpegiko ezaugarriak ikusita greziar peto petoa ematen du, baina arropa, estiloa, izaera eta abarrekoengatik holandar estereotipoa da! A zer fashion victim den gure Franke, beti arropa garestiak erosten, zein baino zen eleganteagoa...



















Oso tipo jatorra, barregarria eta gertukoa da Franke, nahiz eta aste pare bat txoff egon den neskaren batekin arazoak izan dituelako. Hala ere eta zorionez, berriro ere hasi gara beraren konpainiaz disfrutzatzen! Edonola ere, lauhilabete bat bakarrik egongo da gure artean,... dagoeneko goibel gaude horrengatik eta gelditzen den denbora azkarregi pasa ez dadin esperoan...


Eta gainera, Errealak Jeffrey Sarpong fitxatu du, Ajax Amsterdam bere talde kuttuneko jokalari ohia. Oso txarra omen zen baina a zer barreak eta dantza saioak botatzen ditugun jokalari honek zerbait egiten duenean Errealarekin!!!


Beno ba, Frankeren beste bi kanta zuentzat, Baci pare baina hobeak seguruenik!




2010/10/23

Getting to know my best friends (I) ---> Lazar Popovic

Nire lagunak ezagutarazten du izenburuak...

Lehenengoa Lazar izan behar du, nire erresidentziako lagun hoberena.

Lazar Radovan Popovic 1990eko Urtarrilaren 1an jaio zen Kosovoko herri oso txiki batean. Gurasoak txiroak ziren eta honi gehitu behar zaio Yugoslavia zatitzean jazotako gerrak errefuxiatu bezala bizitzera behartu zuela Popovic familia (sei kide guztira).

Geroztik, egoera asko ez da hobetu Kosovon ta hango serbiarrak oso jazarriak dira albaniarrengandik... Bereziki tristea izan zen Google Maps erabiltzen ari ginenean bakoitzaren etxea ikusteko (eskolako lan baten inguruan) bere baserria txikituta aurkitu genuenekoa, oraindik sateliteak ez baitzuen argazki berririk atera gerraren ostean.

Lazare oso tipo barregarria da, hizkuntzetarako izugarrizko erraztasuna duena (4 bat hizkuntza hitz egiten ditu gehi errusiarra eta greziarra erdi ipurdi), eta neskekin ere ez da makala gure Etxeberria jauna (Casanova ?? kar kar). Berak bigarren asterako lau lagun berezi zituen guk ezta kaixo esan genionenean neska bati ere...

Halaber, bera izan zen ETAren su-etenaren berri eman zidana, Baskonia (Tau Keramika bere esanetan), Reala, Partizan eta Athletic-i buruz hitz egiten duena, Kosovo is Serbia but the Basque Country is not Spain esaten duena, Balkanetako egoera guztiz ulertzen lagundu didana
...

Eta ez dut ezeztatuko, berarengatik ari naiz serbiarra ikasten (hitz batzuk, eta askotan ez oso onak -nire irakaslearen errua aizue!-) eta kanta serbiarrak entzuten... Batez ere denbora guztian ari baita kanta serbiarrak jartzen mugikorrean, lagun batzuen amorrurako...





Baci pareeee!!! Dirua xahutu serbiarrez... Behin eta berriro jartzen duen eta gure artean hain famatua bihurtu den kanta txatxuaren (bideoklipa are gehiago) izena...

Eta noski, zuekin... Lazar Popovic!





Urte batzuk barru edo baliteke Euskal Herrian ikustea, beka eskatzeko asmoa baitauka!

Beraren partetik nice to meet you bat doakizue!


2010/10/16

Futbol partidua, culture shocka eta abarrekoak...












Sarrera soila aurrekoa... Nire aste lanpetuari buruzkoa... Baina gertatukoaren islada osoa izan gabe...

Asteburuak eta orokorrean asteak gauza gehiago utzi baitzituen.

Garrantzitsuena futbol partidua izan zen, hainbeste goresten duten kirol hori, egia esan uste baino gutxiago aspertu ginen, eta oso ondo pasatu genuen!

Boise Statek Toledo Rocketsen aurka jolasten zuen eta partidua espero bezain erraza izan zen. Gure unibertsitateak herrialde osoko lehen postua hartuko baitu Alabama liderraren porrotaren ostean eta Toledo oso unibertsitate apala da.

Partiduaren aurretik kalejira antzeko bat (parade) egin genuen campusean zehar eta jende asko zegoen guri begira. Guk, noski, aukera asko ez ditugu gure aldasrrikapenak entzunarazteko eta we want free food (janaria dohain nahi dugu), Basque Country, Basque Country, let's go foreigners (goazen/animo atzerritarrak) eta beno, saiatu nintzen adoktrinatzen nire lagunak nolabait...

Interesgarria nire lagunak nola oihukatzen zuten independentzia, independentzia nire euskerako ikasleak harrituta begiratzen ninduten bitartean! hahaha










Hala ere, entretenigarria izan zen ikustea nolako muntaia dagoen partiduan (kea, jendea oihuka, orkestra, dantzariak, txakurrak zelaitik gauzak kentzen,...). Hori bai, amerikarrek partiduak ikusteko modu bitxiak dituzte: norgehiagokak hainbeste irauten duenez beraien artean hitz egiten egoten dira, argazkiak ateraz gero Facebookera igotzeko, ligatzeko erabiltzen dute denbora beste askok...

Global Villageko guztiak elkarrekin jarri ginen eta ondo egon zen, gero zelaira jaitsi eta argazki batzuk egin genituelako zelai urdinean...












Bestela, gauza harrigarri bat ikusi nuen klasean... Literaturako idazle baten inguruan aurkezpena geneukan eta klasekide batek bere semea eraman zuen aurkezpena berarekin egotek... Hori, behintzat nire herrialdean eta Europan, txantaia emozionala eta peloteoa deitzen zaio, baina tira,...

Ea, zer gehiago kontatu diezaizuket,... Bufff, ez nago ni asko pentsatzeko moduan... Larunbat goiza da, nire logelan 489 gradu Fahrenheit daude eta kixkaltzen ari naiz... Ez dakit zergatik dagoen nire logela hain bero baina ezin dut gehiago.

Goraintziak denei eta zorte on Virtus Gasteiz eta Iturribero Senior saskibaloi taldeei beraien liga hasiera honetan!

2010/10/13

Kaosa garaitu nuenekoa

Dena nire aurka zegoen... Zaila izango zen egoera horretatik bizirik ateratzea,... Chuck Norris berak ere trago txarra pasatuko zukeen nire lekuan balego,...

Gure kuadrilan ateratzen zen batek bezala hasi nintzen nire buruan kontaketa egiten: azterketa bat, bi aurkezpen, lau e-mail bidaltzeke Euskal Herriari buruzko informazioz beterik, pala partidu bat eta bi entrenamendu, euskal dantzak nire lagunekin, skypeatu familiarekin, ikastolara joan, beste eskolara joan, otorduak prestatu, bi poster eta flyer baten bat, arropak oraindik plantxatzeke eta bere tokian uzteke... eta oraindik ezer egiten hasi gabe.

Ikaragarria da nire eraginkortasunak izan zuen beherakada, honi gehitu behar baitiogu egunero arrazoiren batengatik edo bestearengatik 6, 223 ordu lo egin ditudala aste osoan zehar (larunbateko 12 orduengatik izan daiteke hain batezbesteko altua, baina).

Nola iritsi naizen, bada, Urriaren 12 honetara bizirik?

Senitarteko bati eskertu behar diot, egia esan. Anonimatuan mantendu nahi dut norbaitek (nire gurasoek) esan eta leporatu diezaioketenagatik, baina hauxe izan zen berak aholkatu zidana:

Beñat, gogoratu aurten dela zure urte bakarra zeinetan eskolako emaitzekk batere ardura ez duten,...

Eta asko maite dudanez pertsona hau, ba, kasu egin nion!


Ondorioak:
- Azterketako 20 galdera (50eko testa) a voleo
- Ikastolara ez nintzen atzo joan
- Amerikako umeentzako idazle garrantzitsuenari buruzko lana bi ordutan bukatu

Beste ondorio batzuk:
- Palako entrenamentuetan squash jokalaria eman ( nirekin tantuek ez zutelako bi golpe baino gehiago irauten)
- Hartz panda baten begi-zuloak edukitzea... Lehendakaris Muertos-en kanta famatuan bezala (drogarik gabe, baina)
- Koala baten antzera edozein momentutan lo egitea

Ikusiko dugu noiz harten nabilen horrela!
Besarkada handi bat alperrontzisss!!!

2010/10/04

Are you Basque? 2


Bigarren aldiz gertatu zait, bai!!

Sinestezina, ez? Ba aste beteko epean berriro gertatu zitzaidan. Oraingo honetan arrazoi gehiago eman nion jendeari, bizar euskalduna baineraman (ez dudalako bizarra mozteko makina erosi, oraindik...) eta ingeleraz hitz egiten ari bainintzen...

Galdera hau egin zidana Kattalin zen, Boiseko euskaldun bat! Oso neska jatorra da eta larunbatean bere etxean egon nintzen afari batean, jende berri pila batekin, janari goxoarekin, Oihana ikastolako irakaslearekin, eta batik bat, nire lagunarekin,... Gainera, itzuleran taxista abertzale batekin topatu nintzen, a zer pitzadura zuen gizajo irlandarrak!!!

Asteburu oso ona izan da, egia esan... Ostiralean afari bat izan genuen gure lagun baten logelan eta gero bapateko hego-haizearen boladarengatik akanpatzera joan ginen Cascadera, Idaho mendebaldeko toki liluragarri batetara!

Nahiko ondo egon zen, pixkat edan zen (pertsona zehaztu gabea), gauza askotaz hitz egin genuen, Idaho ezagutu genuen, nire bizitzako gosaririk pisutsuena jan nuen (typical american Benat-esan zidan Jerodek), ... baina ez nuen asko lo egin: lurrean harri batek eta kristoneko hotzak galerazten baitzidaten loa.
Hori bai, nire lagunek gutxiago lo egin zuten, zurrungaka ibili bainintzen jo ta su!!! hahaha

Egia esan asteburu oso oso interesgarria izan zen (igandean Kuskuseroak eta pala saioa ere izan bainuen) eta espero dut horrelako gehiago izatea, nahiz eta orain oso lanpetuta egon atzeratutako eskolako lanak egiten.

Gaiz aldatuz, nire lagun Cody Euskal Herrian dago jada. Pisua lortu du Arrasaten eta azkar hasi da integratzen: hirugarren egunean Maritxu Kajoin baitzebilen!

Beraren omenez antolatutako festa ondo egon zen, baina pixkat tristea... Goiko argazkian Cody, Megan, Codyren ama Kate (bihar zure urtebetetzea!) eta laurok agertzen gara!

Besarkada handi bat!
Espero dut dena bikain doakizuela!


2010/09/26

Agur Cody!


Boisen dudan lagun hoberena. Beti bezala, pentsakor, edo dantzarien paraleloan jarrita, nork daki!!!

------------------------------------------------------------------------------------------------

Ez dakit denek ezagutuko duzuen Cody, baina berak merezi du hemen sarrera bat (eta askoz gehiago) berari eskaintzea!

Familia euskaldunik izan gabe, euskara ikasten hasi zen (gaztelania ikasi zuen lehenik, rantxeren laguntzekin) Boisen, eta lortu du euskara menperatzea.

Familia euskalduna izan gabe, euskalzaletasunaren alde jo zuen, eta pixkanaka pixkanaka badoa gero eta ohitura gehiago hartzen.

Nik honegatik bakarrik izugarri miresten dut.

Boiseko Olentzero, dandolo todo!!


Nola ezagutu nuen nik Cody?
Aitak esanda Lazkaoko Maizpide euskaltegian ikasten zebiltzan Boiseko hiru gazteren berri jakin nuen (Boise euskalduneko bi Meganak eta Cody) eta beraiekin harremanetan jartzen saiatu nintzen, ni Boisera ikastera nentorrelako.
Facebook bidez Codyrekin hitz egitea lortu nuen eta bere etxea eskaini zidan Boisen, ezertaz ezagutu gabe!
Lehenengo asteetan, gainera, berarekin egiten nituen plan gehienak eta uste dut harreman sendo bat osatu genuela.

Zoritxarrez, kurtsoa hastearekin batera gutxiago ikusten ginen, bera jantokian lanean zebilelako eta ni klasean. Beraz, jantokian ikusten nuen lanean, ... ez da asko eta ez da momentu hoberena berriketan hasteko...

Baina Irailaren 27tik aurrera ez dut gehiago ikusiko urte batean, zorionez lana lortu baitu Bergaran, instituto batean ingelera irakaslearen laguntzaile gisa. Honek bere euskara hobetzen lagunduko dio eta hainbeste maite duen Euskal Herrian bizitzen.

Bihar festa bat egongo da bere omenez Meridianeko bere etxe xumean, ea zer moduz doan dena eta ondo hasten duen Euskal Herrirako bidaia!

Merezi duzu Cody! Ea zer euskara mota ikasten duzun Bergaran e? : D

--------------------------------------------------------------------------------------------

Eta bukatzeko Codyren teoria batekin utziko zaituztet, zeinek dioen Ameriketako estatu askok euskal izenak dituen:

Arizona: Aritz ona
Nevada: Neba da!
Oregon: Hor egon!
Missouri: Nik zuri

2010/09/24

Are you Basque for any reason?

Eguneko bigarren praktika saioa bukatu ondoren, banindoan lasai lasai (egia esateko, porru patata eginda, nik dakidan batek esango lukeen bezala) erresidentzia aldera, telefonoz hitz egiten ari zen tipo batengan begiak jarri nituenean.

Ez da oso ohikoa hau nigan, neskei begiratzen errazago ikusi nazakezue edota tatuaje edo itxura desberdina dutenei begiratzea ere nahiko ohikoa da.

Edonola ere, auskalo zergatik baina mutil moderno (tatuaje, piercing eta abarrengatik diot) horretan pausatu nuen begirada eta nire harridurarako University of the Basque Country zioen kamiseta bat zuen soinean.
Baina zer ostia? Nork nahiko du kamiseta hori jarri? Nork engainatu du kamiseta hori jartzeko euskalduna edo ez bada?

Beraz, itxaron nuen bere telefono elkarrizketa bukatu arte (bere amatxorekin ari zen hizketan) eta nik ezer esan baino lehen galdetu zidan:

- Are you Basque for any reason? (Euskalduna al zara kasualitatez? -galdetu zidan amerikarrak)

- Yeahh!! How do you know that? (Bai! Nola dakizu? -erantzun nion)

- Oh, man! I don't know, your hair, your clothes,... (Txo! Ez dakit zehazki, zure ilea, arropa,...)


Ba hori! Tipo hori Boiseko euskal familiako partaide bat da, eta kasualitatez, nire ikaslea unibertsitateko klasean! Oso tipo jatorra Mikel hau: erdi-albokaria, euskal elkarte bat osatzen ari omen da, langilea,...

Astelehen horrek ere utzi zuen gehiago!

Gorputzak eskatzen zidan ekintza kultural bat, potoldu egingo naiz eta tontotu, eta ez, ezin dut horrela Euskal Herrira itzuli!

Neda (nire erresidentziako buru austriarra) eta biok Atmosphere ikustera gindoazen! Ameriketako rap talde hoberenetariko bat omen (lau kanta bakarrik entzunda nago) da!! Beraz, hartu genuen kotxea, sartu genuen Jose Notre Dameko konkorduna (Jeroden plakaje baten ondoren bulto bat atera zitzaion bizkarrean) eta utzi genuen berriro erresidentzian (ez zuelako dirurik eta eserita ikusi nahi zuelako rap emanaldia) eta ilaran jarri ginen!

Ezin ginen emozionatuago egon: rap kontzertu bat! Baina ilaran jarri eta aretoko langileek nire eskuetan tatuaje bat (marka bat jakinarazteko adin txikikoa nintzela) egin orduko (zenbat aldiz aurpegiratuko didate?) leihatilara begiratu genuen eta hortik ospa egin genuen!

52 $ kontzertua ikustegatik? Hartu kotxea, supermerkatura eta Burger Kingera joan eta etxerako bidea hartu genuen!!!







Blogean bakarrizketa batean dabilen tipoa, poz-pozik ilargi betea zegoelako eta bere rap kontzerturako plana zapuztu zelako!












Beste behin zapuztutako plana!

Saiatzen naiz ezezkorra ez izaten baina...

2010/09/20

Where amazing weekends happen...


NBAko propaganda egiteko modua da eta itzulpena 'Non gauza harrigarriak gertatzen diren' da, bakarrik oraingo honetan izenburuan nire asteburu honi buruzko adjektibo bat gehitu diodan, liluragarria!

Ostegunean egun santu osoa ordenagailu aurrean pasa nuen eskolako lanak aurreratzen, behingoz asteburu bat libratzeko, eta ezin motibatuagoa nengoen asteburu lasai eta atsegin bat pasatzeko.

Baina nire etsaia izango dena ezagutu nuen: Football 2011. Azkarrenek igarriko zenuten bezala bideojoko baten izena da, futbol amerikarraren ingurukoa, hain zuzen ere. Asteburu santu osoa horretan jolasten ibili dira (gara...) eta benetan, ez dut berriro ikusi ere egin nahi, ez festa ez feria, ez merkatu,... ez dugu besterik egin eta! Beno, hein batean ez zegoelako gauza handirik hirian.

Gainera, lehenengo aldiz jolasten zuen Naokik 10-0 irabazi dit, arauen inguruko ideia p*tarik izan gabe (amerikar gobernuaren zentsura probatzeko besterik ez da e?). Baina badaukat eskusa bat, bera Japoniarra da!! Txiki-txikitatik eskolan hasten dira jolasten, preseski horretarako duten irakasgai batean! Eta gero etxean, ba, eskolako lanak!

Hori bai, bi gauza nabarmen izan ditu asteak:

1: Ostiralean lehenengo aldiz joan nintzen kuskuseroak delako bilerara, non Boiseko euskaldun batzuk gelditzen diren euskaraz hitz egin, eta batik bat, momentu lasai batetaz gozatzeko. Zer jatorrak Izaskun eta Megan!!

2: Palan jolasten gero eta hobea naiz, nahiz eta oraindik ere 51 urteko artzain ebangelista batek irabazi... kar kar


Espero dut zuen asteburua hobea izan dela! Behintzat saskibaloi taldekoek afaria zeukaten, horrek esan nahi duen guztiarekin!!!!

Laster arte!

p.d. Baietz Erreala lehenengo 8en artean sailkatu aurten!

2010/09/17

Urte berri, urte zahar, Martzelino praka zahar!


Seguru asko eta asko barrez hasten zaretela izenburua irakurtzean... baina ez dut zure petatxodun prakekin sartu nahi Markel eta ez zaituztet urte berriarengatik zoriondu nahi... oraindik goiz delako!

Esaera zahar honek esan nahi du denbora pasata ere, bakoitzak den bezalakoa izaten jarraituko duela eta hori da niri gertatu zaidana: Gasteizen beti lanpetuta banegoen orain are eta lanpetuagoa nago.

Banekien praktikak egin beharko nituela Boiseko Ikastolan, baina ez nekien Garfield delako ikastolan beste hiru orduz egon beharko nintzenik. Gainera, txepela ni eta euskara irakasten hasi naiz unibertsitatean eta hemen jokatuko den pala ligarako entrenatzen ari naiz,... horri klaseak eta eskolako lanak gehitu behar dizkiogu eta VOILAAA!! estres a tope!!!

Hori da blogeko hurrengo sarrera idazteko aste oso bat behar izatearen arrazoia, niregatik balitz egunero bainengoke edozer gauza idazten.

Asteburuak ez zuen gauza asko utzi: Codyren aitak eta anaiak parte hartzen duten izotz hockey partidua ikusi, Goranen soccer partidua ikusi, Molly gure erresidentziako kidearen urtebetetze ospakizunean kanta eta opil saioa,...

Hementxe uzten dizkizuet argazki batzuk...




Pentsatzen nuen topiko bat zela, baina zera!

BYUko eta BSUko partaideak, bere zalego fidelarekin batera (ni tartean) zutik amerikar ereserkia entzuten, besoa bihotzean zeukaten bitartean!

Goran gure lagun serbiar-bosniarra BSUko koloreak defendatzen.

(Lehenengo zatian txuriz doazen FC Inter Boise talde bosniarrarekin jokatu zuen, erlijioa traizonatzen? Diaz de Cerio 2? : D )

Global Villageko kankailuetako bost. Jose falta da... seguruenik ikasten egongo zen...

Ikusten da larunbata zela eta motibatu antxean geundela!



Ezkerretik hasita Jerod, Arnaud, Franke, Lazar eta Benoit... kar kar


Benetan zirraragarria izan da azken egun hauetan Jon eta Igor zuekin Skype bidez lehen aldiz hitz egitea (family! zuekin ere zirraragarria da baina astero hitz egiten dut... jaja), benetan behar bainuen!


Besarkada handi bat,

Martzelino

2010/09/09

David maitea



David maitea,

Gogoratzen ez bazara ere zure pisukidea naiz, sukaldea eta komuna partekatzen dituena zurekin, oroitzen?

Galdetuko diozu zure buruari ea zergatik ari natzaizun eskutitz bat bidaltzen, pareta paretaren aurka bizi baikara, baina hau da zu ikusten ez zaitudan bigarren eguna eta arras kezkatua naukazu.

Ez dakit zergatik botatzen zaitudan faltan, agian gaueko 1etan edo 7etan zure musikarekin altxatzen jarraitu nahi dudalako; baliteke nahiago dudalako zuk bukatzea nire Chips Ahoy-ak niri ezer esan gabe, edo nire pizza erosi berria, tortila prestatzeko behar nuen arrautza,...

Egia esan ez dira gauza hauek gehien faltan botatzen dudana: azken bi egun hauek oso gogorrak egin zaizkit ez baitituzu nire gosaltzeko katilua eta kazoa garbitu gabe utzi, eta presaka banago bi gauza horiek ez garbitzea kriston p~tada da niretzat. Eta zer esanik ez nire komuneko gauzei buruz, zergatik ez dituzu nire azkazalak moztekoa eta bizarra moztekoa (nire kaxoian sudurra sartu ondoren) hirugarrenez erabiltzen, nirekin haserretuta zaude?

Barkatu haserre egotearen arrazoia nire lagunak zuri gaizki begiratzea bada, edota zure logelaren aurrean zutaz gaizkiesaka egotea bada, nik ezin izan diet zutaz ezer txarra esan, zure puntuazioa pisukide bezala 10ekoa baita...

Eta ez kezkatu argazki hau ikusten baduzu kartan, nire betiko lagunek eta familiak zu ezagutu zaitzaten irrikitan bainago...


Besterik gabe, izugarri faltan botatzen zaituen pisukidea (eta horren gainetik, laguna)

Benat




2010/09/08

(Izenbururik gabe)


Badakit zuetariko asko eta asko irrikitan zeundetela jakiteagatik zer egin zuen Boise Statek herenegungo partida famatu hartan... kar kar kar

33-30 irabazi genueeeen!! Ez daukat hitzik lau ordu iraun zituen partidu batentzako: hain zirraragarria, hain polita, hain ulergarria, ... hain da kirol interesgarria futbol amerikarra! : D

Konturatu ez zarenentzako hau ironia zen, eta konturatu zaretenentzako exageratzen ari nintzen!! Partidua oso estu joan zen eta gure taldea galtzen joan zen ia partidu osoa azken minutuan izan ezik!

Oso kirol arraroa da futbol amerikarra, arau pila batekin, baina gustu pixkat hartu nion. Hori bai, ez dut ulertzen nolatan jendea hain zoro zoro jartzen den partidu egunean. Imagina dezazuen Athleticek Copako finala zeukanean bezala zegoen hiria aste osoan zehar, bakarrik denboraldiko lehenengo partidua zela talde on baten aurka!

Irabazi zuenez ez zen gabarrarik atera hemen daukagun ibai zoragarrian, baina jendea (oso oso edanda zegoena) batetik bestera zebilen korrika (Arnaud laguna ia ia kotxe batek harrapatu zuen, bera ere guztiz txoratuta), udaletxean ikasle pila bat elkartu ginen, festak egon ziren etxeetan,... eta hurrengo egunean KLASERAA!

Lo eskasiarekin eta 8 klase ordu aurretik nituelarik hasi nuen eguna, pentsatuz harria baina astunagoa izango zela. Baina azkenengo irakaslea portatu zen eta ordu bete lehenago atera gintuen. Hori bai, lotsatuta atera nintzen nire ingeles maila txundigarriarekin ardi-txontxongilo antzerki bat egin behar izan bainuen klasekide batekin! Hitz bakar batzuetan eta adierazpen akatsetan oinarritzen den humorea atera nuen eta denak barrez!

Imagina dezazuen bi errol ditut klasean: ezer ulertzen ez dudanean edo nire burua bi hitz jarraian esateko gai ez dudanean ikusten mutuaren papera hartzen dut (ez zaidana batere gustatzen, esan nahi baitu ez naizela ezertaz enpanatzen ari) edo bestela erdi-pailazo erdi-despistatuarena.

Ondo ezagutzen nauzuenek badakizue hau dela nire benetako errola, ez naizela antzezten ari baizik eta horrelakoa naizela! Nire eguneroko ekintzen artean egun horretako eskolako lanak ahaztea da baina datorren astekoak ekartzea, klasean ariketa bat egin behar dugunean kontrako gauza egitea da,...

Besarkada bat denontzat!!!

Gasteizko cowboya!


2010/09/06

Ufff, ez nekien zer idatzi!


Hau da asteak, larunbat arratsalderarte idazteko eman didana:
...

Eta hemendik aurrera hasiko da nire txapa!

Nahiko aste aspergarria izan da orokorrean, ezer berririk ez, klaseak oro har normal joan dira, erresidentzian bakarrik gelditzen nintzen beti lotan edo eskolako lanak egiten (benetan lanpetuta gaude denok),...

Baina larunbat gaua iritsi zen eta denak parranda botatzeko gogoarekin. Gutariko asko rap eta reggae kontzertu batetara zioazen, baina Lazar, Jerod eta hirurak 21 urte eduki ez eta ezin ginen sartu. Beraz, deitu zion Lazarrek bere neska lagunari (bostgarrena bi astetan... utzi besteentzat!) eta Goranekin batera inoiz egon garen festa hoberenera abiatu ginen.

Etxe handia, auzo aberats batean, pila bat Cadillac kanpoan, track andana,... uff! Hau da gure gaua!

Sartu ginen barrura eta bapatean guri denak gaizki begira, nice to meet you bat bakarra esan eta polizia agertu zen! Lazar eta biak adin txikikoak (20 urterekin, what the hell!) eta ikasle internazionalak izanda salduak geundeke edan izan bagenu!

Hasi zen polizia ea etxea norena zen galdezka eta Have a good night batekin agurtu gintuen txepel hark! Horrela bukatu zen benetako bost minutu iraun zituen festak...

Honen ondoren, beste festa batetara joan ginen, ia-ia Amorototik gertu. Festa ez zen beste mundukoa eta berehala egin genuen ospa, nahiz eta jendea (neskak, eta bi bakarrik) harrituta zegoen nire azentuarekin eta hirugarren solairua ingeleraz (third floor) etengabe errepikatzeko eskatzen zidaten... Ez dut honen inguruko komentario edo barrerik nahi, entzun?

Nahikoa daukat erresidentziako neska bati esanez ezetz, ez diodala crocodile (kokodriloa, ez egiteko barrerik ba!) gehiagotan esango!


Gaur, igandea izanik, mezetara joan gara! BAI! Mezetara! Kontua da kuriositatea neukala mezeta ortodoxoen inguruan eta Goran, Lazar, Franke (erdi greziarra den holandarra) eta laurok joan gara! Azken bi hauek, gainera, monagillo izan dira!


Ezkerrean Franke Thanopoulos (a.k.a. Mateja Kezman) eta eskuinean Lazar Popovic, seguruenik nire lagun hoberenak hemen, nahiz eta gauza batzuetan ados egon ez... kar kar kar

Mezeta nahiko entretenigarria izan da (2 0rdukoa bazen ere) eta nik ere parte hartu dut, apaizak denen aurrean aurkeztu bainau. Momentu hoberena, hori bai, aita gurea errezatzerakoan izan da: arabieraz, etiopieraz, grekeraz, armenieraz, ingelesez, serbieraz,... otoitz egin dute, eta apaizari ez zaio okurritu 'now in spanish' esatea niri begira! Ez dudanean ideiarik! Gorri-gorri esan diot hurrengo aldian (joaten banaiz...) euskaraz egingo dudala...

Ortodoxo guztiekin bazkaldu eta hitz egin ondoren hartu dugu etxerako bidea. Bihar ez dugu klaserik Labor Day delako, baina bihar Boise State Universityko football taldeak Virginia Tech-en aurka jolasten du. Partidua mundiala izango da: ESPN-k erretransmitituko du, Lady Gagak joko du atsedenaldian eta Obama joango da ikustera!

Bueno ba, tripa zorriekin nago eta banoa zerbait jatera!

Bitartean, serbiar kanta batekin utziko zaituztet, ea gustatzen zaizuen, ni behin eta berriro entzuten ari naiz eta!



Go Boise State Broncos, gora euskal ateo-ortodoxoak eta gora zuek! Eta klaseak aste honetan edo berehala hasiko zaretenoi zorte on!


2010/08/30

Aurreko izenburuaren inguruan... zer espero daitekeen herrialde honetaz

Baliteke oso emozionatuta egotea neska ezezagun horrek eskaini zigun laguntza guztiagatik, baina pare bat gauza esatea gustatuko litzaidake:

- Hurrengo egunean nire lagun japoniar Naokirekin etxera nindoanean, gazte bat hurbildu zitzaigun eta berari begirazun txarrak botatzen eta guri jarraika jardun zitzaigun ordu laurdenez (gure etxera iritsi arte). Gainera, ikusi behar zenuten Naoki besteari eskua eman nahian eta nice to meet you esateko zorian... ZAPLAZTEKO BAT JASO ZEZAKENEAN!
Oso tipo ona da Naoki hau baina gixajoa,... pentsa, nik atera banuen egoera horretatik...


- Zer espero duzue amerikar festa batetaz?

Txalet erraldoia, 100 bat pertsona, nesken eta mutilen arteko proportzio parekatua, barre algarak nonnahi, oso tratu ona ikasle internazionalei,...

Ba ostiralean joan ginen festa guztiz kontrakoa izan zen: sausage party delako bat (behar du itzulpenik?), garaje txiki batean, mutil harroputz guztiak beerpongean jolasten, jendeak ez zigun kasu handirik egiten,... 12tan iritsi eta 2tarako downtownean (taberna ingurua Boisen) geunden. Eta gainera, 3tan polizia agertu omen zen garajean horrek dakarrenarekin! LOL


- Zer espero duzue amerikar antzerkiaz?

Monologoak eta komedia egiten bikainak dira, baina Shakespeareren 'Othello' sufritu behar izan nuen 3 orduz, ulertzen ez nuen hizkera batean eta kriston hotzarekin. Hori bai, palko moduko batean egon ginen ikusten eta andre batek inoiz ikusi dudan etxe handienera gonbidatu gintuen (jacuzzia, igerilekua, bi etxe, barbakoa erraldoia,...), aktoreekin hitz egiten egon ginen eta ohitura den bezala, Arnaud eta biok gure erresidentziako lagunei deitu genien gorroneatzeko!


- Zer espero duzue mexikar (eta oro har, latinoamerikako) neskez?

Ez espero ezer ere, zer ez duzue ezer lortuko... Hau da honi buruz esan behar dudan guztia, eta dagoeneko dexente ezagutzen ditugu e?

(ez dut estereotipatu nahi, mutil samindu batzuen iritzia besterik ez da...) : D



Bestela, eguraldi zoroa izaten ari gara hemen, asteazkeneko 38 gradutik (105 gradu Fahrenheit) atzoko 15era eta eurira (urtean 2o bat aldiz egiten du euria hemen).

Halaber, aste honetan klasean hasi gara eta zer esan honi buruz: ez naiz EHUn bezainbeste aspertzen (kritika gogorra e?), baina ikusita nire kontzentratzeko gaitasuna eta beste hizkuntza batean direla klaseak burua askotan joaten zait.


Uste dut gaurkoz nahikoa dela! Nekatuta nago festatik itzultzean hiru urteren ostean lehenengo mailan jolasten zuen Errealaren lehenengo partidua ikusi dudalako... kar kar

Aupa erreala, aupa zuek eta aupa Euskal Herriko neskak! : D