2011/05/28

Euskal pilota Boisen




Pelikula bikaina da La pelota vasca: la piedra contra la pared, euskal gatazkaren inguruan ikuspegi nahiko sakona eta zehatza ematen baitu. Pena bat espainiar bandokoak astakirten batzuk izatea (Antonio Elorza eta Inaki Ezkerraz ari naiz). Familiarekin ikusi nuen estreinatu zutenean, oso ondo gogoratzen ez naizen arren beste behin Euskal Herrian, eta azkena, pasa den asteazkenean, Euskal Museoan.

Dave Lachiondo BSU-ko irakasleak antolatu zuen filme ikuste eta eztabaida politikora joan ginen Berriotxoatarrak, gure lagun Henar Ortuellakoa, eta laurok, eta oso ondo pasatu genuen. Kristianak gero eta jakinmin gehiago du euskal mundutxoaren inguruan eta gainontzekoak gogotsu hurbildu ginen ideia batzuk berritzera eta ikuspegiak zabaltzera, askoz errazagoa baita objektiboagoa izatea atzerrian zaudenean.
Horretaz gainera, hauteskundeen inguruan ere mintzatu ginen eta lotsa pixka batekin onartu behar izan nuen nire hiri eta lurraldean PP-k irabazi zuela

Beste gau eder bat izan zen, inondik inora ere. Gainera, Davek asko daki eta atsegina da berari entzutea, hark eta Patty-k denon aurrean nire iritzia jakin nahi zutela esan zidatenean kenduta. Zer esango nuen nik bada? Pakea, independentzia, baikortasuna,... Betikoa!

Latxiondo irakasleak Donostian emango ditu hitzaldi batzuk uda honetan, ea hor egotea badudan, Boisetar batzuk Euskal Herrian!

Agur Grecia, Europan ikusiko gara

Ez, ez naiz herrialde horren krisiaren inguruan mintzatuko. Zoritxarrez, ez dakit gure bizitza, gure poztasuna, abertzaletasuna, eta ia-ia dena baldintzatzen duen kapitalismoaren inguruko gauza gehiegi.

Grecia Carolina Hernandezetaz ari naiz, nire lagun mexikarretako bat. Seattlerako bidaian elkarrekin joan ginen eta geroztik beste hiru bat aldiz egongo ginen elkarrekin, baina izugarrizko inpresioa utziko du niregan. Neska alai-alaia, lau hizkuntza dakizki azenturik gabe (espainiarra, ingelera, alemaniera eta frantsesa), ikaragarri ondo dantzatzen du, ...

Pasa den ostiralean abiatu zen berriro hainbeste maite duen Puerto Vallartara, hainbeste faltan botatzen zuen familia ikustera. Agur esateko, bere etxean festa txiki eta polit bat egin genuen: garagardo batzuk, atzerritar zoro mordo bat, eta dantzatzeko gogo kristona!

Lastima denbora gehiago elkarrekin ez pasatzea eta hiru aldiz ikusi dudan laguna bezala gogoratzea. Eskerrak Alemaniara ikastera doala Urtarrilean, orduan baliteke berriro elkar ikustea.




BSU-ko atzerritarren biltzarretako bat. Askoz gehiago gaude abina gu gara elkarrekin gehien egoten garenak. Grecia eta Sharron keniarra dira nire alboan daudenak.

Nire oporraldiari zentzu bat emanez

Askok eta askok, arraza, ideologia, sexu, adin eta testuinguru zeharo ezberdinetako jendeak, etengabe galdetzen zidaten ea zertarako geldituko nintzen Boisen hilabete gehiago, denbora galtze bat zela eta abarreko iritzi guztiz errespetagarriak. Baina bazegoen nire buruan zeuden bi ideia: lasai-lasai gelditzen ziren lagunekin egon eta Euskal Museoan boluntario bezala jardun.

Lehenengo astea Patty Miller zuzendariarekin kontaktuan jarri ezinean egon ostean pasa den ostiralean esan zidan niretzako lantxo batzuk zituela, bereziki bat. Juanita Urberuaga Hormaetxea andreak 60ko hamarkadik 80kora amerikar egunkarietan euskaldunen aipamena zuen edozer egunkari zati, argazki, artikulu, erreportai,... bildu zituen eta horiek plastifikatu eta txukuntzen ari naiz, gero eskaneatu eta museoko web orrialdean igotzeko. Lana, berez, aspergarria da oso, baina papertxo horiek duten balio hori kalkulaezina da. Esaterako, egun hauetan, Carrero Blancoren hilketaren kanpoko ikuspegia, Buehl diplomatikoaren bahiketa, Burgosko epaiketaren, futbol amerikarreko jokalari euskaldunen, lehenengo etorkinek egin beharreko lehenengo pausuen eta beste hainbaten inguruan izugarri ikasi dut.

Juanita Boiseko umeei euskal dantzak irakasten zizkien andre zoragarri bat omen zen. Ikusi zuen bere azken hatsa iristear zela eta bere bilduma Euskal Museoari eman zion, ondoren Euskal Etxeko dantzaldian gerriak pixkat astindu eta aste bete ondoren agur esan zien denei.
Juanitaren ikaragarritasun hori ere du Patty-k, inoiz ikusi dudan emakume txundigarriena (salbuespen batzuk kenduta, ama). Egun santu guztia Euskal Museoan lanean ematen du, euskal diasporari izugarrizko laguntza eskainiz, eta euskal komunitateak behar duen zentru kultural horri indarra eta pasioa jarriz. Berarengatik ere nabil bolondres, asko miresten dut, eta nire oporraldiari bakarrik ez, nire bizitzari ere zentzua ematen dio Patty-k eta bere seme kuttunena den Euskal Museoak.





http://www.basquemuseum.com/

2011/05/27

Esperientzia berriak, nesken (?) artean

Asteburu lasaia izan nuen, nire Boiseko bigarren bizitza honetan azkenengo aldian bezalaxe. Larunbatak ez zirudien beste munduko ezer izango zenik, baina gutxienez Sofia lagun mexikarrarekin eta bere senar Clark-ekin trago batzuk hartzera joan ginen. Bikote bitxia, bai horixe: neska txiki eta indartsu mexikar bat eta tatuajz betetako ilegorri sasi-filosofo bat. Hyde Parken egon ginen, Boiseko auzo hippy eta martxoso batean, festa pixka baten bila abiatu ginenean. Diskoteketatik nahiko urrun geundenez gure etxetik gertu antxean dagoen taberna batera joan ginen, 3 dolar ordaindu ostean.

Dena nahiko normal zihoan, tabernan sartutakoan drag queen pila bat ikusi genituenean. A zer sentsazio bitxia. Antza denez hiriko drag queenen desfile bat omen zegoen: banan-banan eskenatokira irtetzen ziren eta bere ikuskizuna egiten zuten (denetarik zegoen, baina oso ikusgarria izan zen horietako bat itzulipurdiak egiten hasi zenean takoi puska horiekin eta beste batzuen neska-mugimenduak).

Ikuskizun guztain zehar deseroso sentitu nintzen, eta barkatuko didazue, ez dut atzerakoia izan nahi, baina lehenengo aldia zelako izango zen, eta pozten naiz, normalizaziorantza beste pausu bat, suposatzen dut.

2011/05/21

Tiempo para la esperanza. Creo que sí, o qué se yo!

Karlos Arginano sukaldari eta umorearen artistak Airbag filmean utzi zuen perletako batean oinarrituta dago izenburua. Maisulan hau orain dela bi egun ikusi nuen, beste behin ere. Baina ez naiz pelikula honen inguruan jardungo.

Itxaropen garaia omen dator Euskal Herrira, hauteskunde hauetan Bilduren partaidetza dela eta. Bada, zer nahi duzue esatea: ez daukat batere argi. Argi dago Bildu azken urte hauetan ikusi dudan apostu politiko handiena eta erakargarriena izan dela, izan ere, Pello Urizarrek EA-ko aginte makila hartu zuenetik, adoretsu jokatzen ari dira Garaikoetxearen alderdiko jokalariak. Beraiek izan dira Espainiak eta gure taldeko jokalari beteranoak (vacas sagradas, EAJ, nahi duzuen bezala) proposatu eta inposatzen zuen tranpaz beteriko joko geldia irauli izan ahal duten bakarrak eta soberan merezi dute emaitza on bat.

Baina ez dugu merezimenduaz bakarrik hitz egingo. Gure ideiak eta interesak plazaratu ditzakeen lehenengo euskal batasun bati buruz ari gara: EA, Alternatiba Eraikitzeneko adoretsuak eta mila mundutatik datozen independenteak ditu bere baitan.

Jo dezagun, ordea, nire ezkortasunaren jatorriari. ETA-k bakearen aldeko pausu garrantzitsu batzuk eman ostean, beste aldeak (mesetako sasi-demokratak, Bizardunak taldeari ideia lapurtzen)ez zuen hori egin, eta Sortu-ri hori besterik ez zion baimendu, hasiberrien ilusioa, berehala ilegalizatetzeko.

Bildu sartu zen indartsu, orduan, eta arrotz inperialiste kolonialista horiek (Selektah Kolektiboa dixit) mugimendu azkarra egin zuten, dudarik gabe. Ilegalizatu ditzagun, eta gero, jakin dezaten demokrazia' batean bizi garela, Auzitegi Gorenak Espainiaren funtzionamendu bikaina erakutsiko die denei. Bide batez, Sorturekin gertatukoaz ahaztuko dira.

Hori da nire samin eta kezketako bat. Bestea, ordea, euskal gizartearen erantzuna izango da. Abstentzioa izango da beraien hautua? Edo betiko hiru alderdiei emango diegu botoa?

Ikusi dezagun astelehenean. Ezin izango dut bozkatu eta urduri egongo naiz, baina itxaropen apur bat eduki nahi dut.

P.D. Zer gertatuko da Aralarrekin? Hain alternatiba sendoa ziren horiek? Nafarroa Bai-ren amaieraren erantzuleek ordaindu ahalko dute?

P.D. 2 Zer gertatuko da Araban, Gasteizen eta beraien betiko alderdiari bozkatu ezin izan dioten herri txikietan?

Gure Karlosek esango lukeen bezala, o qué se yo...

Hamaika bat kontakizun

Ez nuen espero hain nire sentituko nuen blog hau, baina tontamentean 100 sarrera egin ditut blog honetan, dagoeneko. Batzuetan sentsazioa dut nire buruari eta lau gehiagori idazten diodala (a zer lau, baina), baina sinetsi iezadazue, izugarri hobeto sentiarazten nau eta zuekin hitz egiten ari naizela uste dut askotan.

Eskerrik asko blog hau jarraitzeagatik, zuen aholkuak eta animoak emateagatik, eta horren ondorioz, hegoak eman dizkidan hamaika bat kontakizun idatzi ahal izateagatik.

Besarkada bero bat,

Euskaldun bat Amerikan

Agur denoi, munduaren bukaera iritsi omen da

Lerro xume hauek baliatuko ditut zuetaz agurtzeko. Agur denoi. Agur 21 urte zoragarri hauek ahalbidetu zizkidaten guraso eta hezitzaile paregabe maiteei. Agur nire harrotasun eta ilusio handiena den nire anaiari. Agur familia berezi baten parte sentiarazi nauten lehengusu-lehengusin, izeba-osaba eta aiton-amonei. Agur nire txikitako lagunei (gora 6D ! ! !) eta nire negarrak eta irriak partekatu duten betirako lagun horiei. Agur adiskide guztiei. Agur Virtus Gasteizi. Agur Euskal Herriari. Agur Errealari. Agur Baskoniari. Hainbeste dudan rap underground arraro horri. Albokari. Denari.

Ez, ez dut nire buruaz beste egingo. Ezta pentsatu ere. Inoiz baino hobeto nago. Bizitzeko gosea dut, gauzak egiteko grina eta maitatzeko desioa. Baina antza denez, eta Estatu Batuetako txoko guztietan esan duten moduan, bihar, Maiatzaren 21a, mundua amaituko da. Aste betez kaleak furgoneta beldurgarri horiez beterik egon dira. Klasean egon beharko luketeen umeak beraien guraso inozoak emandako panfletoak igorriz egon dira.

Ez ditut bere kezka eta paranoiak sinisten. Ez dut beraien 'erlijio' mota ulertzen. Ez dut inork nire etorkizuna kentzerik. Are eta gutxiago dudana kentzerik.

http://www.kboi2.com/news/offbeat/122185274.html?ref=morestories

Horregatik, aurki munduari agur esan baino, Boiseri esango diot agur. Agur hemen egin ditudan nire lagunei. Agur esperientzia errepikaezin honi. Agur bizitzeko beste modu berri bati.

Eta Kaixo esango dut.

Kaixo ezaguna dudan mundu berri bati. Kaixo nire zera eta zergatia izan zaretenoi. Hilabete besterik ez zuek ikusteko, hori bai dela benetako 'cuenta atras' bat.

2011/05/16

Ez gehiegi hitz egin, nahi ez bada huts egin

Esaera zaharrak beti izan ohi dira errealitatearen deskribatzaile zintzoa, baita irakatsi beharreko irakasgai bat ere, bide batez.

Hor nenbilen beste egunean nire buruari esaten a zer nolako zortea izan dudan aurten, ez dudala bizikletako gurpilik zulatu, pasa den urteetan bizpahiru nituenean, horrek dakarren denboragaltze eta haserrearekin.

Bada, ordu batzuk beranduago, Jeff Quebec-tarrari utzi nion bizikleta festa batera joan zedin, eta bi minutura itzuli zen, ni beste festa batera nindoalarik (asiarren festa bezala ezagutua, hau da, japoniar, malaisiar, vietnamdar eta asiar pila bat, japoniarra ikasten duten ikasleak, eta ni bezalako wannabe-ak). Antza denez, gurpila zulatuta omen zegoen. Pikutara nire berriketak eta kaixo 'nola demontre mugituko naiz Boisetik orain' kezkak.

Badakizue, Urte berri, urte zahar, Martzelino praka zahar, eta nahiz eta ez naizen hain ajolagabea nire gauzekin, oraindik ere faltatxo bat: nire logelako atea giltzapetu nuen 5 aldiz urte osoan zehar, giltzak barruan utzirik. Ondorioa, 50 dolarreko isuna... Zitalak!

Inor ez da ikasia jaiotzen, ez dut beste motibaziorik guda zail hau irabazten saiatzeko.

2011/05/14

Oporrak, baita nire gorputz eta bihotzarentzako ere

Bai, aixkideak. Euskaldun bat Amerikan oporretan dago! Iritsi zaio amaiera amaiera ingeleraz ikasteari, noten pendiente egoteari, azterketei,... Nire bizitzako lehenengo karrera amaitu dut (Izarran egin nuen biatloi horretaz eta San Silbestreetaz aparte, jakina). Hurrengo urtera begira mila zalantza eta beste hainbeste erabaki, baina orain pixkat deskantsatzeko unea da, hilabete egongo bainaiz hemen (Hawaiien aste bete).

Hala ere, aitortu behar dut porru patata eginda nagoela. Azken hiru aste hauek oso gogorrak izan dira (lanak, azterketak, papeleoa, eta abarrekoak), eta are okerragoak izan dira azken hiru egun hauek: egun santu osoa logela hustutzen eta lagunak agurtzen. Atzo, adibidez, gauean lo egin gabe 4:30tan Jeff eraman genuen aeroportura, gero 7:30tan Minako eta Kana, ordubete beranduago Lyn eta Sakura, eta gero nire logela hustutzen bukatu nuen, gauza batzuk Ikastolan utzi eta nire etxe berrira nire maletak eta abarrekoak eraman nituen.

Hemendik aurrera Kattalin eta Kristiana (ezta burla bakar bat ere bere izenaren inguruan, aittu?) Berriotxoaren etxean biziko naiz. Erdialdetik gertu bizi dira etxetxo polit batean, lorategi handi batekin eta guzti. Gainera, eta garrantzitsuena, oso neska jatorrak eta zoroak dira (dinamikoak eta barregarriak, esan nahi da) eta ez naiz aspertuko.

Ea denbora gehiago eskaintzen diedan egun hauetan, atzo lau orduko siestaren ondoren afaria prestatu, interneten bi minutu pasa ondoren eta sukaldea garbitu ondoren, beste 9 ordu lo egin bainituen. Badakizue, opor garaia da!

2011/05/08

Nire lehenengo kontzertu 'handia'

Udaberrian murgilduak eta azterketak bukatzeko lau egun gelditzen diren honetan, BSU-k Spring Fling delakoa antolatu zuen atzo, unibertsitatean dohaineko ekitaldiak eta kontzertuak, alegia. Eguraldi bikaina eta giroa ere, halatsu: jende pila bat Lupe Fiasco rap egile famatuaren zain.

Kontzertu gehiago egon ziren aurretik, baina merezi zuen ezertxo ere ez, egia esan. Batzuei, botilak eta edozein motako jaurtigarriak bota zizkieten, pentsa. Ez nuen uste orokorrean oso zintzoak diren amerikarretaz. Baina ikusten da zer ezberdinak diren gauzak hemen. Lehenengo filan sartzen saiatzen ari nintzen Lazar eta Amandarekin egoteko, eta Euskal Herrian lasai asko bultzatzen da tokia lortzeko. Ni inoiz baino arretatsuago nenbilen, baina ezin izan nuen beltz morrosko baten zafarraldia saihestu. Antza denez bere neska laguna bultzatzea ez da 'cool' samarra. Ez dakit zergatik baina Boisen ez dut oso esperientzia onik nire anaiekin...

Bestela kontzertua itogarri samarra izan zen. 12000 bat pertsona egongo ginen drogaz lepo zegoela ematen zuen Lupe Fiascoren kontzertua ikusten. Ez zen aparteko gauza izan, gainera, diskurtso 'kutre' (itxurati) bat bota zuen bere maitasunaren alderdi politiko sinbolikoa sustatzeko, eta yihad-aren aldeko oihuak ere entzun omen ziren (bera musulmana da).


Zer nahi duzue esatea, Joselu Anaiak, Indarrap, Betagarri edo Bizardunaken kontzertu batekin alderatuz, argi daukat zer nahiago dudan!


2011/05/06

Artikulu interesgarria (Garako zuzendaria)

Persecución al independentismo

Por qué gana todo el mundo

Iñaki SOTO Director de GARA

La decisión del Tribunal Constitucional español de permitir que Bildu concurra libremente a las próximas elecciones municipales y forales es una buena noticia para los progresistas, para quienes ansían la libertad, para los defensores de los derechos, para todos los demócratas. Con Bildu en las elecciones gana todo el mundo, de igual manera que si el fallo hubiese ido en sentido opuesto hubiese perdido todo el mundo.

Gana la izquierda abertzale porque ha jugado, porque se la ha jugado. Gana porque estaba perdiendo, o empatando, que en este caso es parecido o similar. Los jueces del Tribunal Constitucional y del Supremo son conscientes de que con su decisión ganan los independentistas. Pero también saben que oponiéndose a la legalización de Bildu el Estado por el que velan perdía más que ganaba. Leído el voto particular de los magistrados del Supremo, no cabe despreciar que algunos de ellos crean que así gana la democracia española. También gana Europa la tranquilidad de no tener que humillar a un Estado miembro.

Evidentemente, si la sentencia es buena para los progresistas, debe ser una mala noticia para los conservadores. Pierden quienes quieren parar el reloj, los que quieren que la historia discurra hacía atrás, los que viven de lo establecido y están instalados en el bloqueo. Pierden Rubalcaba, Rajoy, Hernando, Peces-Barba... Los inmovilistas pierden un pulso, pero, aunque todavía no lo sepan o no lo quieran aceptar, salen ganando con una decisión que acercará un nuevo escenario en el que ellos también jugarán un papel, esperemos que más constructivo que el que han desarrollado hasta el momento.

Ganamos futuro y una oportunidad que debemos aprovechar.

2011/05/02

San Francisco, Kalifornian zehar familiarekin...


Hainbeste gustatzen zaizkidan Blog Maratoi delako bat egiten ari naiz gaur ere: ea zenbat sarrera idatzi ditzakedan egun berean. Baina bihar azterketa bat daukat eta berandutzen hasia denez familia eta lagun artean emandako denboraren laburpentxo bat egingo dut.

Lehenengo fasea: Boise

Lehenengo egunak beraien gorputzak ideia bat izan zezaten balio izan zuen, trantsizio moduko bat. Euskal Herriaren antza zuen Estatu Batuak. Hala ere, oso desberdina da hau beraientzat eta ni dexente aldatu omen naiz.

Boise ikusi genuen, euskal taldetxoaren mugimendua, nire ingurua eta lagunak ezagutu zituzten, eta Josuk eta biok genuen hil ala biziko norgehiagoka ikusi zuten (galdu genuen eta txapelketatik kanpora).

Bigarren fasea: San Francisco

Boiseko aireportuan euskaraz zuzendu zitzaigun langile bat, eta hori ez da hasiera txarra bidairako. Hala ere, hotelean ohe baten faltan geunden eta ezezagunak beti sortzen du horrelako errespetu bat.

Hala ere, San Francisco oso hiri polita da, eta nahiz eta eskale pila bat egon (Segurantza Sozialean egoteko helbiderik jarri behar ez hiri bakarra baita), oso hiri europear eta gorabeheratsua da. Eta Euskal Etxea ere badu!

Hirugarren fasea: San Francisco ---> Boise

Niretzako parterik politena. Eskerrak kotxe alokairuko enpresan borrokatu eta GPSa lortu genuen numerito batzuen ostean, bestela, ezin dut imaginatu nola moldatuko ginen paraje horietan. 4 egun hauetan estatubatuar gauza tipikoenak ezagutu genituen (jatetxeak, jendea, paisaiak,...) eta Ipar Kaliforniako eta Oregoneko paisaiekon gozatu genuen, nahiz eta elurrak sustoren bat eman.

Hori bai, Bend (Oregon) herritik Boisera doan bidea ez hartu inoiz, ez dago ezer. Gu, gure helmugara azkarrago iristeko saiakeretan azeleradoreari gehiegi zapaldu eta berien zorroztasunagatik famatuak diren Oregongo poliziak gelditu gintuzten. Eskerrak atzerritarrak garelako libratu ginela, tipo jator hark birritan gogoratu ondoren gure abiadura FIVE FIVE (55 mila orduko, alegia), izan behar zela.

Gorabehera guztiekin, bidai bikaina izan zen. Oso eskertuta nago etorri ziren guztiei eta denbora ondo erabili genuela pentsatzeak gusturago jartzen nau!

P.D. Ezin ditut argazkiak igo... sentitzen dut!

Akanpadan, agur esateko!


Kurtsoa bezalatsu, Global Village-a ere bere bukaerara iritsi da. Bukatu dira aurkezpenak, klase aspergarriak, elkarrekin pasatako momentu ahaztezinak,... Bukatu da nire erresidentziako lehneengo esperientzia, zein bikaina izan den.

Amaiera emateko, Mountain Home herritik harago (Idahoko Hegoaldea) dagoen parke batera joan ginen, Oregon Trail delakoaren bide garrantzitsua izateagatik aski ezaguna. Snake ibaiaren ondoan ibili ostean mundu berri baten bila, lehenengo amerikar horiek ibaia zeharkatu zuten desertuko oasi horretan.

Guk ibaia ez genuen zeharkatu, baina zubi bat jarri genuen gure laguntasunarekin jarraitzeko: janari goxoa, futbol amerikarreko partidatxo bat, paseotxo bat, suaren inguruan agur zintzoak, kriston hotza gauean, eta berriro ere Boisera!

Plan polita, nire lagun guztiei agur behar bezala esateko modukoa...


GVC-ko lagunetako batzuk, Iparramerika deskubritu zuen gurdietako batzuetan.

Bin Laden hilda dago, eta orain zer?


Behin Bin Laden hil deneko albistea zabaldu dela, azkar mugitu da jendea Estatu Batuetan, alde batetik, normala zenez. Irailaren 11ko ankerkeriaren 'buru' zen pertsona zitala hilda omen dago. Ez du inporta zein izan den peajea, ezta berriaren inguruko froga eza, ezta nola lortu zuen Osamak horrenbesteko boterea,... Ospatzera joan dira amerikar asko Etxe Zurira eta udaletxe askotara.


Facebook-ean ikusten zen mugimendurik, nahiz eta ez nagoen ziur emandako iritzien esanahiaz. Gure lagun baten ahizpak honako hau esan du: 'yeah, baby... munduari erakutsi diogu urdin, gorri eta zuriaren boterea. Justizia egina da'. Beste tipo batek, teoria bitxiago bat erakutsi digu: 'gerra amaitu da eta gasolina merkea izango da orain. Bizitza bere korrontera itzuli da'. Egia esan, horrelako tontakeria asko irakurri ahal izan ditugu Lazar eta biok denbora gutxian.

Baina utzi ditzagun alde batera ospakizunak, iragana eta beste hainbeste gauza, eta pentsatu dezagun etorkizunean. Zer gertatuko da orain? Zer egingo dute Al-Qaedakoek? Errebantxa nahiko al dute? Niri beldur pixka bat sortzen zait, baina martir bat eginda hil gaitezkeela pentsatzeak izugarri lasaitzen nau. Bihar interesgarria izango da ditudan klasekide arabiar eta amerikarren arteko agurra. Hemendik aurrera, zer?

Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika!!

Ordu atzerapenarengatik, eta beste kontinente batean bizitzeak dakarrenarengatik, pasa den larunbatean egin genuen Korrika Boisen. Gure erara.

Izaskun Kortazar, beste behin, maisuki jardun zen gauzak antolatzen, eta geunden boluntarioen lana erraza izan zen dena aurrera eramateko. Bidali genituen e-mailak, jarri genituen posterrak, hitz egin genuen haiekin, aspertu genuen beste hura,... Denbora gutxi Korrikarako eta urduritasuna nabarmena zen gure artean. Izena emateagatik 10 dolar ordaindu behar ziren, eta behin hori eginda, 2 mila korrika egiteko edo oinez egiteko aukera, Boiseko Eraztun Berde inguruan (bai, guk ere badugu horrelakorik) eta Euskal Etxean hasiz eta bukatuz. Ondoren, derrigorrezko talo saioa eta zintzurra bustitzeko ardoa.

Larunbat goiza iritsi zen, eta azkenerako ehun bat pertsona hurbildu ziren, arrakasta itzela, dudik gabe. Ikastolako umeak hasi ziren korrika, Euskal Etxeraino iritsi arte. Behin han, alkateak hitz batzuk esan zituen, Ben Monasteriok guk abestutako aurreskuarekin dantzatu zuen (ez zegoen aparaturik...) eta horren ondoren, abiatu ginen.



Behin izerdi pixkat bota ondoren, eta Julia Davis parkean zeudenen harridura sortu ostean, Euskal Etxera itzuli ginen, janaria zegoen gure zain!

Giro aparta zegoen, eguraldia ere halatsu! Baina lehenago joan behar izan nintzen, akanpada bat neukan eta!

Hollywoodera bidean... Josuri eskerrak!



Josu nire lagun handiarengatik gauza asko egingo nituzke, berak niregatik halatsu egin duen bezalaxe. Azken hiruhilabeteko honetan denbora asko pasa dugu elkarrekin, pala partidu andana jolastu (eta galdu), farraren bat, kalimotxoren bat noizean behin,...

Frontoian ezagutu genuen elkar, aspaldi ikusten dudan pasa den Urrian, orduan ez nekien nire hain laguna bilakatuko zenik. Baina erraza da bere laguna izatea: euskaldunen eta amerikarren gauza hoberenak ditu, barregarria da, oso pertsona ona dela argi ikusten da, eta nahiz eta Athleticekoa den arren, gauza asko partekatzen ditugu.

Bere bizitza erritmo lasaiean bizi ostean, izugarrizko pertsona aparta, barregarri eta ganberroa den bere aita Luisen eraginagatik (ziurrenik), Medikuntzako azken zikloa ikastera doa Michigan Statera, Brasiletik hilabete bateko geldiune bat egin ondoren, 'ikasteko' asmotan, ere, eta hainbeste maite duen Boise eta euskal mundutxo hau atzean utziz.


Goian Josu eta biok, Euskal Etxeko gau gogoangarri horietako batean, gure jokalari gustukoenari homenalditxo bat egiten.

Behean Amuma Josu, Oihana Mantangorria, Kattalina Cleopatra eta Euskaldun bat Amerikan Euskaldun bat Amerikanez mozorrotua.


Esan dudan bezala, gauza asko egingo nituzke berarengatik, baina ez nuena espero pelikula batean parte hartuko nuenik, nahiz eta narratzaile bezala izan. Bere anaia Javi filme zuzendari izateko ikasten ari da eta graduatu aurretik pelikula bat bukatu behar du. Berak Boiseko artzainen inguruan egin du berea, eta bukatu aurretik Maialen Lujanbio eta Mikel Markezen laguntza jasotzera zihoan narrazioa kanta bihurtzeko. Azken bertsolaritzako txapeldun handiak ez zuen baiezkoa eman, azkenean, eta abeslariaren zain daude. Bitartean, euskal Morgan Freeman-ek (hala deitu zidaten, nire arima eta ahots beltzarengatik izango da...) egin zuen bere lana, bizkaitarrez, eta telebistan ikusten den estudio horietako batean. A zer esperientzia izugarria!

Filmea Donostiko Lehiaketan egongo da dena ondo badoa, eta nahiz eta ni hor egon ez, irrikitan nago emaitza ikusteko!