2011/02/05

Santa Ageda bezpera eta ez oles, ez kanta, ez ezertxo ere ez!

Horrela da bai, Santa Ageda nire ohitura kuttunena da eta aurten ezin izango dut esperientzia bizi, pena galanta egia esan.

Horren ordainetan zer egin dezaket edo nuen? Bada ezer gutxi. Aste nahiko zaila izan da klase batzuekin oraindik ere atzeratuta jarraitzen dudalako eta oraindik gure artekoa giroa ez delako pasa den Abendukoaren ezta erdira ere iristen (ezta Lazarrekin ere). Gainera, egun hauetan dauden plan interesgarri ezak dena okertzen du.

Baina gutxienez atzo unibertsitateko saskibaloi taldearen partida ikustera joan ginen. Hawaii-ren aurka jolasten zuten eta harmailetan Boiseko baino Hawaiar zale gehiago zeuden. Honek azalpen bat dauka, baina: BSU Mendebaldeko unibertsitate erraldoi merkeena da (eta kalitatezkoa da, ez kezkatu) eta honek inguru guztietako jendea erakartzen du, baita Hawaikoak ere.

Boise State Basketballek Iturribero eta Virtus Gasteizen aurka erraz galdu dezake, ez da txantxa. Hain dira txarrak! Hawaii-ko Rainbow Warriors-ak 1-17ko errenkadan zetozen etxez kanpoko norgehiagoketan eta erraz irabazi zuten.

Gauza barregarriena ez zen partidua izan, inondik inola ere ez. Hoberena Lazar eta Goran konbentzituta zeudela Hawaiiko jokalarietako baten bat serbiarra zela (historikoki beti egon da serbiarren bat han, adibidez, Peja Savovic, Bilbao Basketeko zuzendaria) eta lehenengo zati guztia Hawaiikoei 'Serbia, Serbia' oihukatzen egon ginela eta serbiarrez gauzak esaten. Gure ustezko serbiarrak Brasildar bat, kaliforniar bat eta Oregongo bat ziren, talderaen fitxan ikusi ahal izan genuen bezala. Hori bai, gero astuna deitzen didate nire euskal forofismoarengatik baina gure taldeko jokalari bat Jeff Elorriaga zen, nahiz eta surfero itxura handiagoa zuen beste edozer baino.


Asteburu honetarako zer plan, bestela? Billy (bere benetako izena Kok da, zeinek zakila esan nahi duen ingeleraz) malaisiarraren urtebetetetzea ospatzera gindoazen asiar pila bat eta pare bat kamuflatu, baina plana aldatu eta etxean egin ordez diskoteketara joan ziren. Ondorioa, Sakura eta biok ostiral batean luze hitz egiten ezin loari eutsirik.

Larunbat gauean Oihanari agur esateko potluck bat dugu. Potlucka merendola bat bezalakoa da, bakoitzak zerbait eraman behar du eta horrela afari jator bat osatzen da.

Ea zer moduzkoa izango den agurra, jende askori pena handia emango baitigu Oihanari agur esatea.

Eta iganderako Super Bowl-a izango da plan bakarra, ikusita irauten duena, ez nintzateke harrituko egun santu guztia telebeista aurrean pasatzea, partidaren aurkezpena, iragarki guztiak eta parafernalia guztia ikusi beharko baititugu...

Asteburu ona eduki!

Besarkada bat!

No hay comentarios:

Publicar un comentario