2011/02/08

Pala mundutik ezagutarazten



Atzo, astelehena izaki eta palako txapelketa gertu dugunez, nire bikotekidea izango den Josurekin palan jolastera joan nintzen.

Biak halako biak nahiko juxtu gabiltza forma aldetik (goizean gimnasiora joan nintzen eta mareatu egin nintzen, pentsa) eta ordu betean porru eginda geunden, etxera joateko oso prest, alegia.

Baina ezusteko polita gertatu zen: Euskal Etxeak harrera festa bat antolatu zuen eta AEBtako jende ugari etorri zen, hainbat lanbide eta ingurutakoak.

Derrigorrezko bisita eta janari dastaketaren ostean asko eta asko frontoira etorri ziren, Josu eta biak jolasten ari ginen bitartean. Hori gutxi balitz, tipo bat argazkiak ateratzen ari zen bere argazki kamera garestiarekin, normala Los Angeles Timeseko kazetaria izanik.

Hori jakinda motibatu egin ginen eta gainera, frontoian dagoen lokalean Amuma Says No entsaiatzen ari zen eta momentu horretan Van Halen-en Jump jotzen ari ziren trikitixarekin. A zer motibazioa genuena!

Txarrena jendea txandaka etortzen zela gu ikustera eta azkenerako ordu bete gehiago eman genuen jolasten eta jendeari irakasten.

Bisitako arduradunak gehiago gelditzeko esaten zigun, eta gu harrituta, entrenatzen ari baikinen, bera ez zen inor hori eskatzeko. Orduan konturatu ginen norbait kontratatu zutela jolasteko eta ez zirela agertu. Guri ordaintzeko esan genion, baina ez genuen lortu. Gaitzerdi!


Pala saio luzearen ondoren Leku Onara joan ginen eta ondo merezitako afaria jan genuen: inoiz jan ditudan indaba txuri hoberenak (barkatu familiako sukaldariak, baina horrela da) eta xerrak patatekin, Joxe Mari jabearekin hitz egiten genuen bitartean.


Ez dago gaizki, ez? Kalifornian famatuak izango gara eta Josuren aitak (oso jatorra eta barregarria) ordaindu zuen afaria). Gehiago eskatzerik ba al dago?

No hay comentarios:

Publicar un comentario