2010/12/07

Derbya, 4 urteren ondoren


Azkenean iritsi zen lau urteren ondoren hainbeste esperotako norgehiagoka. Antza denez, errealzaleak bakarrik geunden hain emozionatuta, baina tira, suposatzen dut Bilbo aldean ez duela grazia handirik egingo 2-0 batek... kar kar kar


Hala ere, ez zen oso partida polita izan (batere ez) baina oso ondo pasatu nuen, Josu Zubizarreta hemengo lagunak gonbidatuta athleticzaleen artean eta euskal janari eta mus-partidekin bizi izan bainuen igandea.


Hala ere, ez nuke gaurkoan nik bizi izandakoaren hausnarketa bat egin nahi, enbidia sartu eta ni ere blog politiko horietako bat idazten hasiko bainaiz (badakizue, hemendik aurrera, nik esandako guztia egia da... kar kar).




Egia esan, pozten naiz harmailetan horrelako giro ona ikusteaz, azkenaldian euskaldunen arteko giroa ez baita soberan ona izan. Eta zerbait oso tristea da, ez baitugu herri itxura ematen eta horrela zaila izango da zerbait lortzea (izan bedi independentzia edo lege berriak, edo aurrekontu komenigarriak,... zuek nahi duzuena). Beti egon da arrazoiren bat gure artean borrokatzeko: kirola, hiriburutartasuna, euskalduntasuna, azkenaldi honetan asko samindu nauen oi-punk taldeen arteko borroka (benetan, zentzurik gabeko borroka),... eta ea-ea pixkanaka ahazten ditugun txepelkeria horiek.


Bestalde, oso pozik nago Euskal Selekzioak Gabonetan jolastuko duelako. Bi arrazoirengatik: azkenean ados jarri garelako eta Venezuelaren aurka jolasten dugulako, non bi lagun oso on ditudan.


Hala ere, Euskal Herria izenpean jolastu beharko genukeela uste dut, jokalari naparrak eta mugaz bestaldekoak baditugu ez duelako Euskadi hitzak tokirik, duela 100 urte asmatutako hitza, gainera.

Horren harira, pozten naiz aldarrikapen gehien egiten ari zen taldea Erreala izatea. Ez nintzen hain errealzalea ezta futbolzalea orain arte, baina Demetradze, Kokhlov, Cvitavinovic eta abarrekoz betetako aldagela bat izatetik euskal girodun talde bat izatera pasatu gara, euskararen aldeko mezu bat duena soinean, ... eta beste aldean ahazten ari dira horretaz.

Ez dakit zuek zer pentsatuko duzuen, baina idatzi lasai. ... zer zerbait gustatzen ez bazait komentarioa ezabatuko dut! kar kar kar

Aste ona izan eta ondo bukatu zubia!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario