Azkenean, eta alde batetik zoritxarrez, etxea, lagunak, familia, dena,... atzean utzi eta herrialde erraldoi batetako zoko galduenera abiatzera nindoan.
Gogotsu nindoan, hala ere, nire anaiaren partida bat ikusteko aukera izan bainuen estreinakoz, ordu erdiz (beroketa kontuan hartuta) izan bazen ere. Berarentzat funtsezkoa den urte bat galtzen ari naiz eta ikaragarrizko amorrua ematen dit, baina badakit bere anaiak baino gehiago balio duela eta aise aterako dela egoeratik!
Egun osoa egon naiteke berari buruz hitz egiten, baina pribazitatea ere gauza ederra da eta kronikarekin jarraituko dut.
Madrilera iritsi nintzen autobusez, lagun handi bat itxaroten nuelarik. Zerbait hartu nuen egoa nahiko baxu eta irribarre bat ateratzeko gaitasuna halatsu dituen (ironia... eta begiarekin keinu pare bat) sasi-ingeniari honekin, Inperio handia (handiena, askoren ustez) izan zenaren hiriburuko taberna tipiko eta zezen-zale, futbol zale, diktad... batean berriketan egon nintzen nahiko labur.
Gutxienez, Errealak Getaferi 0-4 nola irabazten ikusi genuen. Gaitzerdi!
Lehengusuen etxean goxo-goxo lo egin ondoren taxia hartu eta aireportura abiatu nintzen, taxi zerbitzuko telefonoko neskarekin eztabaidan egon ostean (igande goizetan lan egitearen xarma, suposatzen dut).
Oraingo honetan ez nuen ez cheer-leader ez ezer nire ondoan. Izan ere, bakarrik bainindoan (hegazkina hutsik zihoan) eta 9 ordutan lau pelikula ikusi nituen, zein baino zein txarragoak: Inception (bi ordu eta erdi Di Caprio ametsetazko eta errealitatezko mundu paraleloetan bizitzen), Step Up 3 (10 minutu aguantatu nituen), MACHETE (begi, aspaldi ikusi dudan pelikula txarrena, nire burua behartu nuen gidoiaz eta pelikulaz trufatzeko... baina denbora gutxiago duen batek DVDa apurtuko luke) eta Black Irish (pelikula dezente bat... drama bat, jakina!).
Eta horrela pasatu ziren 24 orduak Boisera ailegatu arte: musika, irakurri, lo egiten saiatu, umeen negar hotsak aguantatu,...
Boisen Mister Lazar Popovic nuen zain, ni etxean utzi eta berehala norbaiti bisita bat egitera zihoana. Gauzak ez dira aldatzen ez...
Etxera iritsi eta maleta hustu ondoren sartu nintzen ohean. Gaueko 2ak ziren. 48 ordu lehenago Gasteiztik ateratzear nengoen. Denbora gehiegi, eta azkenean nire gorputzak protesta egin zuen, jakina.
Pentsatzen nuen jet-lagik ez nuela, baina, baita zera ere! 6 ordu lo egin ondoren altxatu naiz, gosetuta eta zer egin ez dakidala. Ez dut janaririk, ez dago klaserik gaur (Martin Luther King eguna) eta porru patata egina nago...
Kriston ajea dudala ematen du, baina ez, kanpoan ikasteko ordaindu beharreko prezioa da (fisikoa, zeren eta ekonomikoa ondo ordaintzen baita).
Besarkada bat denontzat! Ondo segi,
Anonimoa
No hay comentarios:
Publicar un comentario