Normalean Blog honetako irakurleak lehentasun osoa duzue Tuenti eta Facebook-eko nire lagunen eta 'lagunen' aurretik, izan bitez argazkiak, kontakizunak,... baina gauza batean ez nuen nire hitza bete: Hesianek Boiseko Ikastolaren omenez egindako kanta, alegia.
Oihanak (zoritxarrez bi asteetan Euskal Herrira bueltan doa) Hesianekoak ezagutzen zituen eta Ikastolako egoeraren berri eman ostean (geroago azalduko dudana) muxutruk kanta bat idatzi zuten.
Umeekin bi hilabetez estribilloa entsaiatzen egon ostean, bideoak eta soinu grabaketa bidali genizkien, urduri baino urduriago geundelarik. Hala ere, aste baterako kanta kalean zen (edo behintzat, beraien web orrialdean eta YouTube-n), eta antza denez, ez genuen oso ondo abestu eta nire kamerako kalitatea oso eskasa da.
Edonola ere, kanta izugarri gustatu zitzaidan eta benetan eskertzekoa da beraiek guregatik (Ikastolaren parte sentitzen naiz, dagoeneko) egin dutena.
Abuztutik Abendura egon nintzen Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola honetan praktiketan, eta esperientzia ezinhobea izan zen. Umeak oso adeitsuak eta azkarrak dira, Oihanarekin eta Mararekin nuen lan-giroa bikaina zen eta plazerra zen egun osoa han ematea.
Zoritxarrez, Ikastolaren egoeraz ohartzeko aukera duzu eta hau onegia ez denean tristura sartzen zaizu.
Boiseko Ikastola 1998an sortutako ikastetxea da, bultzatzaile nagusiak Nere Lete (Unibertsitateko euskarako irakaslea) eta Chris Bieter (alkatearen anaia) senar-emazteak izan zirelarik. Helburua Boise inguruko familia euskaldunen ume txikiei euskara ikasteko aukera bat ematea zen, eta jendeak gustura hartu zuen ideia.
Ikastola 40 bat ume izatera heldu zen (denak gure Haur Hezkuntzako adinekoak) eta etorkizun paregabea zuela ematen zuen. Baina duela urte batzuk umeak galtzen hasi ziren, horrekin batera dirua, eta dirurik gabe, jai.
Boiseko Ikastola Euskal Museoaren eskuetan dago eta antza denez, beste kezka batzuk dituzte, euskal gurasoek bezala, zeintzuk nahiago duten umeak euskal dantza klaseetara joan Ikastolan euskara ikastea baino (umeen dantza taldean Ikastolan dauden adina 3 ume daude, hortaz, pentsa).
Dena dela, Mara zuzendariaren lan eskergarekin, Patty Miller Euskal Museoko Zuzendariaren konpromisoarekin, Oihana bezalako irakasleek egindako lanarekin eta Hesianen kanta bezalako ekimenek izan dezaketen oihartzunarekin, ez dut zalantzarik aurrera aterako dela,... eta nik horren partaide izan nahi dut.
Lauhilabeteko honetan boluntario gisa joango naiz!
ze ona beñat!!!!bidioklipean zu ikustean emozionau ta dena in naiz!!serio eeee
ResponderEliminareta ezta bi segundu ere pantailan! jajaja
ResponderEliminarbaina ni ere kantarekin emozionatzen naiz!