2011/04/11

Nostalgia bolada, eta zure jendea txoko honetan ezagutzeak dakarrenaren inguruan

Lagun handi batek, bera bezalakoak nire esku bakarreko hatz gutxirekin zenbatu ditzakedan horietako batek, kanta hau erakutsi zidan pasa den ostiralean. Geroztik hamaika aldiz entzun dut, behin eta berriro. Bai, Betagarri. Gasteiztarrak. 25408 aldiz ikusi ditugu kontzertuan. Kanta guztiak buruz dakizkigu. Abeslaria zurrutean eta neskatan ikusten dugu. Baietz, dedio!

Entzun kanta behingoz, eta esan zer sentitzen duzuen ondoren.


Nire lehenengo esperientzia izanik etxetik kanpo (eta hain urrun), etxean egoteko gogoa ez dut besterik sentitzen. Udara 'tuntun' horiek berriro pasatzeko gogoa, igerilekura joan Tourra ikusi ondoren eta bi minutura etxera itzuli euria gogoz hasi duelako,... Parrandaren bat noizean behin, Gasteizko jaiak, herrian patxara ederrean emandako egunak,... Hori guztia dut buruan, oraintxe bertan.

Eta ez da hemen gustura ez nagoelako, inolaz ere ez. Boisen egotea nire bizitzako esperientzia hoberenetarikoa izan da (hoberena ez bada, memoria oso selektiboa dut nik, zoritxarrez) eta gustura emango nuke bizitza osoa hemen hain 'pikutan' egon izan ez balitz, baina badakizue, etxea beti etxe, eta Euskal Herria, beti izango da nire lehen etxea.

Baina tira, hortxe nenbilen nire hotzeriari aurre eginez atzo gauean, Xabier Irujok asteburu honetan zehar hitzaldi bat ematen zuela konturatu nintzen arte unibertsitatean. Besteak beste, Manuel Irujoren biloba da Nevadako unibertsitatean Euskal Ikasketen buru den buru jakintsu hau, eta euskal politikaren inguruan mintzatu da bi egunez.

Atzo goiz antzean oheratu ondoren, gaur goizean (igandea) joan naiz auskalo zergatik bereziki, muturra sartzera edo belarriak irekitzera,... baina ziur nire jakinmina asetzera eta bera ezagutzera joan naizela. Klasea interesgarria izan da oso, eta berak esan didanez, askoz objektiboago ikusten da gure gatazka kanpoan zaudenean, eta arrazoi osoa du. Ez dakit, ordea, portatilarekin zegoen futbol amerikarreko jokalariak deus ere ikasi duen hain gai interesgarria izanda muturren aurrean. Ez naiz ni beraien handikeria eta elitismoa babesten hasiko.

Bukaeran, gainera, sorpresatxo bat izan dut, euskaldun gehiago etorri baitira gelara: Izaro, Iban, Iker eta Imanol, azken hau kazetari famatua (Loiolako egiak liburuaren idazlea). Gainera, berak hitzaldi txiki bat eman du ETAren su-etenaren inguruan, ingeleraz. Balentria hori egia dela munduari erakusteko, argazkiak ateratzen aritu dira besteak. Euskaldunen ingelera bikaina, badakizue!

Presaka zebiltzan Renora itzultzeko, bestela, egun osoa emango nukeen beraiekin gusto askora hiria erakusten eta hitzekin jarduten. Herrikideak munduko beste zoko honetan ezagutzeko aukera ez da astebururo ikusten, eta koadrila jatorra osatzen zutela konturatzeko ez dut denbora gehiegi behar izan.

Ea hurrengo batean ikusten dugun elkar, Euskal Herrian udara honetan bada ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario