Baina ez nintzen horrela ostiralean. Klasearen ondoren Esteban Arginchona klasekidearekin bere familia ezagutzera, banketxera, euskal museora eta palan jolastera joan nintzen. Nahiko plan konpletoa ematen du baina banketxeko gestioa kotxean bertan egin genuen: gasolindegi batean bezala jarri ginen makina baten ondoan, berak txartela eta dirua sartu zuen kapsula batean eta bapatean pantaila bat piztu zen gure alboan. Pantaila horretan neska bat zegoen diruarekin zer egin nahi zuen galdetzeko! Ni zeharo harrituta nengoen!
Ondoren palan jolastera joan ginen, baina bere pala apurtuta zegoenez eta frontoiko pelotei berotzea gehiegi kostatzen zitzaienez museora joan ginen hauek erostera eta bide batez, eta gure azal handiarekin, dohainik ikusi genuen Manhattaneko Ellis Island Inmigrazio Museoko euskal etorkinen inguruko erakustaldia.
Honen ostean, Estebanen etxera joan ginen bazkaldu eta musean jolastera. Pokerreko kartekin jolasten zuten eta aita utzi egin zen nik bere semeari irabazi ahal izateko. A zer familia bitxia, bai horixe! Esteban % 75a euskalduna izanik Pride Irish du tatuatua bere gorputzean, Ohore Irlandarra!
Ostiral gauean festaren batera joan ostean, larunbat gauean Gaztelaniako nire ikaslea den Tammarack-en etxera joan ginen Jose eta biok. Berez, pulpoa jatera joan ginen 55 urteko neska gazte berezi honen etxera. A zer energia duen seme-alabak eta senarra galduak izanagatik ere, eta zenbat gauza egin dituen bizitzan zehar. Gainera, gonbidatu gehiago egon ziren eta horien artean batek, Carlos kolonbiarrak, hurrengo Neguko Olinpiadetan snowboardlari bezala lehiatzeko prestatzen ari dela aitortu zigun.
Bizikletaz itzuli ginen etxera, egiten zuen hotza nolabait ahaztuz, eta gutxienez, oreinak ikusteko aukera izan genuen errepide ondoan.
Hotzarekin lotuta egon zen igandea ere, nahiz eta arropa andana eduki katarro etorrera gelditzeko. Tubing egitera joan ginen erresidentziakoak. Egia esan, ez nekien zer zen zehazki Tubing delako hori, baina aldapa handi batean flotagailuekin botatzea da, eta nahiko entretenigarria da, batik bat flotagailuak elkartu eta abiadura handiagoa hartzen duzunean!

Igandeari amaiera emateko Korrika antolatzeko bilera bat egin genuen. Ez dut ezer gehiago esango, behar den momentuan jakingo duzuelako zerbait!
Eta astelehenean ba, gaixorik jaiki, klasera joan nola edo hala, bazkaltzera nindoala erresidentziako neskengatik bahitua izan beraien erizain praktikak burutzeko (ni ez nintzen kexatzen noski, mimoak eman eta dena prestatu baitzidaten), eta lo egin palako partidua hasi arte.
Ebaluazio honetan Josu Zubizarretarekin jolasten dut A ligan, hau da, Boiseko la creme de la creme-aren ligan! Josuren aita, Mourinho izenez ere ezagutua, etorri zen gure lehenengo porrota saihesteko asmoz, baina nola ez dugu ba galduko, bere semeak jokaldi erraz batean pilotari eman ere egin ez zionean barrez lehertzen hasi bazen, denen harridurarako!
Partidu polita izan zen gehiegi entrenatu gabe egoteko eta ni gaixorik egoteko, baina 35-16 emaitzak afari on bat merezi zuen, eta Bar Gernikara joan ginen solomo otarteko bat jatera!
Eta eguna amaitzeko ohera joan nintzen ikastera eta Sweet Promised Land liburua irakurtzera (euskal etorkin baten pasarteak kontatzen dituena) eta horrela lokartu nintzen, gaixorik eta ahaztuz zuekin hitzordua nuela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario