Karlos Arginano sukaldari eta umorearen artistak Airbag filmean utzi zuen perletako batean oinarrituta dago izenburua. Maisulan hau orain dela bi egun ikusi nuen, beste behin ere. Baina ez naiz pelikula honen inguruan jardungo.
Itxaropen garaia omen dator Euskal Herrira, hauteskunde hauetan Bilduren partaidetza dela eta. Bada, zer nahi duzue esatea: ez daukat batere argi. Argi dago Bildu azken urte hauetan ikusi dudan apostu politiko handiena eta erakargarriena izan dela, izan ere, Pello Urizarrek EA-ko aginte makila hartu zuenetik, adoretsu jokatzen ari dira Garaikoetxearen alderdiko jokalariak. Beraiek izan dira Espainiak eta gure taldeko jokalari beteranoak (vacas sagradas, EAJ, nahi duzuen bezala) proposatu eta inposatzen zuen tranpaz beteriko joko geldia irauli izan ahal duten bakarrak eta soberan merezi dute emaitza on bat.
Baina ez dugu merezimenduaz bakarrik hitz egingo. Gure ideiak eta interesak plazaratu ditzakeen lehenengo euskal batasun bati buruz ari gara: EA, Alternatiba Eraikitzeneko adoretsuak eta mila mundutatik datozen independenteak ditu bere baitan.
Jo dezagun, ordea, nire ezkortasunaren jatorriari. ETA-k bakearen aldeko pausu garrantzitsu batzuk eman ostean, beste aldeak (mesetako sasi-demokratak, Bizardunak taldeari ideia lapurtzen)ez zuen hori egin, eta Sortu-ri hori besterik ez zion baimendu, hasiberrien ilusioa, berehala ilegalizatetzeko.
Bildu sartu zen indartsu, orduan, eta arrotz inperialiste kolonialista horiek (Selektah Kolektiboa dixit) mugimendu azkarra egin zuten, dudarik gabe. Ilegalizatu ditzagun, eta gero, jakin dezaten demokrazia' batean bizi garela, Auzitegi Gorenak Espainiaren funtzionamendu bikaina erakutsiko die denei. Bide batez, Sorturekin gertatukoaz ahaztuko dira.
Hori da nire samin eta kezketako bat. Bestea, ordea, euskal gizartearen erantzuna izango da. Abstentzioa izango da beraien hautua? Edo betiko hiru alderdiei emango diegu botoa?
Ikusi dezagun astelehenean. Ezin izango dut bozkatu eta urduri egongo naiz, baina itxaropen apur bat eduki nahi dut.
P.D. Zer gertatuko da Aralarrekin? Hain alternatiba sendoa ziren horiek? Nafarroa Bai-ren amaieraren erantzuleek ordaindu ahalko dute?
P.D. 2 Zer gertatuko da Araban, Gasteizen eta beraien betiko alderdiari bozkatu ezin izan dioten herri txikietan?
Gure Karlosek esango lukeen bezala, o qué se yo...
No hay comentarios:
Publicar un comentario