2011/05/28

Nire oporraldiari zentzu bat emanez

Askok eta askok, arraza, ideologia, sexu, adin eta testuinguru zeharo ezberdinetako jendeak, etengabe galdetzen zidaten ea zertarako geldituko nintzen Boisen hilabete gehiago, denbora galtze bat zela eta abarreko iritzi guztiz errespetagarriak. Baina bazegoen nire buruan zeuden bi ideia: lasai-lasai gelditzen ziren lagunekin egon eta Euskal Museoan boluntario bezala jardun.

Lehenengo astea Patty Miller zuzendariarekin kontaktuan jarri ezinean egon ostean pasa den ostiralean esan zidan niretzako lantxo batzuk zituela, bereziki bat. Juanita Urberuaga Hormaetxea andreak 60ko hamarkadik 80kora amerikar egunkarietan euskaldunen aipamena zuen edozer egunkari zati, argazki, artikulu, erreportai,... bildu zituen eta horiek plastifikatu eta txukuntzen ari naiz, gero eskaneatu eta museoko web orrialdean igotzeko. Lana, berez, aspergarria da oso, baina papertxo horiek duten balio hori kalkulaezina da. Esaterako, egun hauetan, Carrero Blancoren hilketaren kanpoko ikuspegia, Buehl diplomatikoaren bahiketa, Burgosko epaiketaren, futbol amerikarreko jokalari euskaldunen, lehenengo etorkinek egin beharreko lehenengo pausuen eta beste hainbaten inguruan izugarri ikasi dut.

Juanita Boiseko umeei euskal dantzak irakasten zizkien andre zoragarri bat omen zen. Ikusi zuen bere azken hatsa iristear zela eta bere bilduma Euskal Museoari eman zion, ondoren Euskal Etxeko dantzaldian gerriak pixkat astindu eta aste bete ondoren agur esan zien denei.
Juanitaren ikaragarritasun hori ere du Patty-k, inoiz ikusi dudan emakume txundigarriena (salbuespen batzuk kenduta, ama). Egun santu guztia Euskal Museoan lanean ematen du, euskal diasporari izugarrizko laguntza eskainiz, eta euskal komunitateak behar duen zentru kultural horri indarra eta pasioa jarriz. Berarengatik ere nabil bolondres, asko miresten dut, eta nire oporraldiari bakarrik ez, nire bizitzari ere zentzua ematen dio Patty-k eta bere seme kuttunena den Euskal Museoak.





http://www.basquemuseum.com/

No hay comentarios:

Publicar un comentario