2011/05/02

San Francisco, Kalifornian zehar familiarekin...


Hainbeste gustatzen zaizkidan Blog Maratoi delako bat egiten ari naiz gaur ere: ea zenbat sarrera idatzi ditzakedan egun berean. Baina bihar azterketa bat daukat eta berandutzen hasia denez familia eta lagun artean emandako denboraren laburpentxo bat egingo dut.

Lehenengo fasea: Boise

Lehenengo egunak beraien gorputzak ideia bat izan zezaten balio izan zuen, trantsizio moduko bat. Euskal Herriaren antza zuen Estatu Batuak. Hala ere, oso desberdina da hau beraientzat eta ni dexente aldatu omen naiz.

Boise ikusi genuen, euskal taldetxoaren mugimendua, nire ingurua eta lagunak ezagutu zituzten, eta Josuk eta biok genuen hil ala biziko norgehiagoka ikusi zuten (galdu genuen eta txapelketatik kanpora).

Bigarren fasea: San Francisco

Boiseko aireportuan euskaraz zuzendu zitzaigun langile bat, eta hori ez da hasiera txarra bidairako. Hala ere, hotelean ohe baten faltan geunden eta ezezagunak beti sortzen du horrelako errespetu bat.

Hala ere, San Francisco oso hiri polita da, eta nahiz eta eskale pila bat egon (Segurantza Sozialean egoteko helbiderik jarri behar ez hiri bakarra baita), oso hiri europear eta gorabeheratsua da. Eta Euskal Etxea ere badu!

Hirugarren fasea: San Francisco ---> Boise

Niretzako parterik politena. Eskerrak kotxe alokairuko enpresan borrokatu eta GPSa lortu genuen numerito batzuen ostean, bestela, ezin dut imaginatu nola moldatuko ginen paraje horietan. 4 egun hauetan estatubatuar gauza tipikoenak ezagutu genituen (jatetxeak, jendea, paisaiak,...) eta Ipar Kaliforniako eta Oregoneko paisaiekon gozatu genuen, nahiz eta elurrak sustoren bat eman.

Hori bai, Bend (Oregon) herritik Boisera doan bidea ez hartu inoiz, ez dago ezer. Gu, gure helmugara azkarrago iristeko saiakeretan azeleradoreari gehiegi zapaldu eta berien zorroztasunagatik famatuak diren Oregongo poliziak gelditu gintuzten. Eskerrak atzerritarrak garelako libratu ginela, tipo jator hark birritan gogoratu ondoren gure abiadura FIVE FIVE (55 mila orduko, alegia), izan behar zela.

Gorabehera guztiekin, bidai bikaina izan zen. Oso eskertuta nago etorri ziren guztiei eta denbora ondo erabili genuela pentsatzeak gusturago jartzen nau!

P.D. Ezin ditut argazkiak igo... sentitzen dut!

No hay comentarios:

Publicar un comentario