2011/05/14

Oporrak, baita nire gorputz eta bihotzarentzako ere

Bai, aixkideak. Euskaldun bat Amerikan oporretan dago! Iritsi zaio amaiera amaiera ingeleraz ikasteari, noten pendiente egoteari, azterketei,... Nire bizitzako lehenengo karrera amaitu dut (Izarran egin nuen biatloi horretaz eta San Silbestreetaz aparte, jakina). Hurrengo urtera begira mila zalantza eta beste hainbeste erabaki, baina orain pixkat deskantsatzeko unea da, hilabete egongo bainaiz hemen (Hawaiien aste bete).

Hala ere, aitortu behar dut porru patata eginda nagoela. Azken hiru aste hauek oso gogorrak izan dira (lanak, azterketak, papeleoa, eta abarrekoak), eta are okerragoak izan dira azken hiru egun hauek: egun santu osoa logela hustutzen eta lagunak agurtzen. Atzo, adibidez, gauean lo egin gabe 4:30tan Jeff eraman genuen aeroportura, gero 7:30tan Minako eta Kana, ordubete beranduago Lyn eta Sakura, eta gero nire logela hustutzen bukatu nuen, gauza batzuk Ikastolan utzi eta nire etxe berrira nire maletak eta abarrekoak eraman nituen.

Hemendik aurrera Kattalin eta Kristiana (ezta burla bakar bat ere bere izenaren inguruan, aittu?) Berriotxoaren etxean biziko naiz. Erdialdetik gertu bizi dira etxetxo polit batean, lorategi handi batekin eta guzti. Gainera, eta garrantzitsuena, oso neska jatorrak eta zoroak dira (dinamikoak eta barregarriak, esan nahi da) eta ez naiz aspertuko.

Ea denbora gehiago eskaintzen diedan egun hauetan, atzo lau orduko siestaren ondoren afaria prestatu, interneten bi minutu pasa ondoren eta sukaldea garbitu ondoren, beste 9 ordu lo egin bainituen. Badakizue, opor garaia da!

No hay comentarios:

Publicar un comentario